"Murrizketekin, jendea hil eginen da". Halaxe erran du Munduko Medikuak elkarteko kide Patricia Ruizek, Nafarroako Parlamentuan, Osasun Batzordeko kideen aurrean. NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak deituta agertu da Ruiz Parlamentura, Javier Cañada taldekidearekin batera. Argi eta garbi erran dute Espainiako Gobernuak onartutako dekretuaren bidez, eta dekretu hori Nafarroan garatzeko Nafarroako Gobernua prestatzen ari den araudiaren bidez, "jende anitz osasun arretarik gabe" geldituko dela, eta egoera horrek "heriotz zigorra" ezarriko diela.
Egun jada Nafarroan osasun arretarik gabe gelditu diren etorkinak badirela nabarmendu dute Ruizek eta Cañadak, nahiz eta Nafarroako Osasun Departamentuak erran sendagile guztiei gaixo guztiak artatzeko agindua helarazi zaiela. "Medikuek badute etorkinak artatzeko borondatea; arazoa da pertsona horiek ez direla, hainbat kasutan, medikuarengana heltzen. Harreran, administrazioan jartzen diete muga. Ez dituzte hartzen", salatu du Ruizek.
Nafarroako Gobernua prestatzen ari den araudiak hainbat baldintza ezarriko du paperik gabeko etorkinek osasun arreta jaso dezaten. Gutxienez urtebetez Nafarroan bizi izan direla erakutsi beharko dute, eta ezin izanen dute zigor aurrekaririk izan. Ordaindu beharko dute, gainera, osasun zerbitzuak jaso ahal izateko. Baliabiderik ez badute, diru laguntzak aurreikusten ditu Nafarroako Gobernuak. Munduko Medikual elkarteko kideek baldintza horiek guztiak bertan behera uzteko eskatu dute Nafarroako Parlamentuak. Oposizioko taldeek ere, PPN izan ezik, kritikatu dituzte Nafarroako Gobernuaren asmoak, eta osasun arreta jasotzeko eskubideak unibertsala behar duela izan azpimarratu dute. PSNk, hala ere, baldintzak jartzea babestu du.
Osasun Batzordeak Sareko eta Ihesaren Aurkako Batzordeko kideak ere hartu ditu gaur Nafarroako Parlamentuan. Elkarteok, hain zuzen, GIB duten paperik gabeko etorkinen kasua bereziki aipatu nahi izan dute, tratamendua jasotzeko aukerarik gabe utziko dituelako dekretuak.