Euskal Herria

Muniozguren euskaltzale eibartarra omenduko dute gaur

Bere jaioterrian, Eibarren, Fernando Muniozguren (Eibar, 1950) pentsalari eta euskaltzaleari omenaldia egingo diote gaur. Arratsaldeko zazpietan Txantxa Zelain elkartuko dira lagun asko eta asko euskalgintzako hainbat taldek antolatu duten omenaldian parte hartzeko. Fernando Muniozguren uztailaren zortzian hil zen, minbiziak jota. Aspaldian zebilen makal, baina azken-azkenera arte lanean jardun du, beti ere euskararen normalizazioaren alde, eta bereziki, euskalkien erabilera sustatzearen alde.

2006ko uztailaren 15a
16:00
Entzun
Muniozguren Eibarko Udaleko euskara teknikari izan da hainbat urtetan, eta aitzindaria izan da Eibarren euskara normalizatzeko lanean. Eibarko ...eta kitto! euskara elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta bere ekimenez sortu zen 1994ko apirilean, egun, elkarte horrek kudeatzen duen izen bereko astekaria. Gaur, 7.300 ale argitaratzen ditu astero ...eta kitto! agerkariak.

Edozein hizkuntzaren normalizazio prozesuan kazetaritzak izugarrizko garrantzia daukala sinetsita, tokian tokiko aldizkarien arteko harremanak sendotzea izan zuen helburu beti Muniozgurenek, eta eremu urriko prentsa bilduko zukeen koordinakunde bat sortzeko taldean ere parte hartu zuen. 1996ko ekainean sortu zuten Topagunea, herrietako euskara elkarte eta herri aldizkariak biltzen dituen erakundea. Federazio horren zeregin nagusia tokian tokiko aldizkariak zein elkarteak dinamizatzea eta laguntzea izan da sorreratik. Topaguneko lehen presidentea izan zen Muniozguren.

Azken hilabeteotan hainbat proiektu zerabiltzan esku artean. Batetik, ...eta kitto! euskara elkartearen biografia bildumarako liburu bat idazten ari zen taldean, Eli Ojangurenen gainekoa. Bestetik, Debabarrenerako euskarazko telebista sortzeko lan taldeko kide ere bazen. Eta Bloga ere bazuen, Eibar.org komunitatean. Hau ta hori ta bestia, joik buruakin postia izenekoa. Blogaren aurkezpenean esan zuen Muniozgurenek osasun arazo larri batek eraman zuela hura zabaltzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.