Euskara

Munitibarko Udalak Uematik irtetea erabaki du

Eudelek "zerbitzu bera" ematen duela dio, "eta kostu barik". Mallabiak gaur onartuko du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea.

2008ko apirilaren 17a
18:35
Entzun
Munitibarko (Bizkaia) Udalak, atzo egindako udalbatzarrean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik (Uema) irtetea erabaki zuen, 11barri-k webak dioenez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen elkarte Eudelek "zerbitzu bera" ematen duela dio Udalak, "eta kostu barik". EAJ dago han alkatetzan -EAE-ANV baliogabetu egin zuen Espainiako Justiziak-.

Munitibar izan zen bigarren herria Ueman sartzen. 1991n sortu zuten mankomunitatea.

Apirilaren 5ean Azpeitiko (Gipuzkoa) Udalak Ueman sartzea erabaki zuenean, hango EAJk kontra bozkatu zuen, eta Eudelen alde egin zuten. "Administrazioak administrazioaren bideak jarraitu behar ditu, eta Eudelen baitan udal sarea sortuta dago. Eusko Jaurlaritzak baditu bere planak eta hoiek bultzatzen jarraitu behar dugu, ez dugu beste erakunde paralelorik jarraitu edo sortu behar, orain arte emandako pausoek emaitza onak eman dituzte-eta", zioen udalbatzar hartan Ana Mendizabal EAJko zinegotziak.

Atzo Uemako zuzendaritzak kritikatu egin zuen Azpeitiko EAJren jarrera, eta alderdi jeltzalearen "ekarpena ezinbestekoa" dela iritzi zion.

Mallabiko Udalak (Bizkaia) ezohiko udalbatzarra egingo du gaur Ueman sartzea erabakitzeko. EAE-ANVk gehiengo osoa dauka (bederatzi zinegotzitik bost) eta Udalak Ueman sartzeko erabakia hartuko du.

Aitor Loiola Mallabiko alkatea Azpeitian (Gipuzkoa) izan zen apirilaren 5ean, Azpeitiko Udalak Ueman sartzea erabaki zuen egunean. Loiola "txundituta" geratu zen EAJk Azpeitian izan zuen jarrerarekin; hau da, Ueman sartzearen kontra bozkatzearekin. "Gure herrian EAJk bestelako jarrera du Uemaren inguruan", esan zuen Loiolak Azpeitian. Are gehiago: Mallabian erabaki dute EAE-ANVk eta EAJk ordezkari bana izango dutela Ueman. Hala eta guztiz ere, Azpeitian gertatutakoa ikusita, alkateari zalantzak sortu zitzaizkion: "Ez dakigu zer gertatuko den gurean".

Mallabia aurten Ueman sartuko den laugarren herria da: jada Ueman sartzea erabaki dute beren udalbatzarretan Aresok (Nafarroa), Azpeitiak eta Otxandiok (Bizkaia). Hala ere, Uemaren batzar nagusian onartu ostean sartuko dira ofizialki erakundean. Hurrengo batzar nagusia ekainaren 14an egingo dute, Azpeitian.

Egun horretan, gainera, Uema Eguna egingo dute Azpeitian bertan. Uemako zuzendaritzaren asmoa jai egun hori berreskuratzea da. Iaz, esaterako, ez zen egin Uema Egunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.