Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak atzo Iñigo Urkullu lehendakariarekin izan zuen bileraren balorazio positiboa egin du: "Gure ikuspegia helarazteko aukera eduki dugu, eta hori beti da positiboa”. Baina elkar ulertzea hor amaitu zen. Izan ere, edukietan akordiorik lortzeko aukerarik ez dagoela helarazi zion lehendakariari: “Urkulluk ikusiko du zer egiten duen elkarrizketa sozialarekin, baina guk ez dugu parte hartuko. Ez dago inolako edukirik hitz polit hori justifikatzeko”. Are gehiago, ekonomia erreala “suntsitzen ari direla” esan zion Muñozek: “Soldatak erortzen badira, gizarte osoa erortzen da”.
Bileraren ildo nagusietako bat fiskalitatea izan zela ere esan du gaur goizean ELAko kideak. “Elkartasunarekin eta enpleguarekin zerikusi handia dauka horrek”. Eta zentzu horretan benetako politika martxan jartzeko eskaria ere egin zion sindikalistak: “Politika behar dugu, kapitalak dioenari ezetz esateko, eta hori zoritxarrez momentu honetan ez dugu ikusten Eusko Jaurlaritzaren baitan”.
"Guztiz bidegabea den statu quoa" onartzen duela aurpegiratu zion atzo Muñozek. Urkulluk Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen neurriak "kopiatu eta itsatsita", akordioen atea itxi zion Muñozek Jaurlaritzari.
Elkarrizketa sozialerako mahaia "desnaturalizatuta" dagoela-eta, ELA "ez da joango" mahai horretara: "Ezinezkoa da elkarrizketa sozial deitzea 1.200 milioi euroko murrizketei". Edonola ere, Jaurlaritzarekin "nahi duenaz" hitz egiteko prest azaldu da Muñoz.
Gaur, berriz, Lan Harremanen Kontseiluko presidentea eta idazkari nagusiarekin egin du bilera Urkulluk.