Murgiako hainbat gurasok jakinarazi dute seme-alabak ezin dituztela D ereduan matrikulatu. "Onartezina da, hiru hamarkadaren ondoren, Araban, norberaren herrian, D ereduan ikasteko eskubidea urratzea", salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak.
Natxo Ruiz aitak esplikatu du gurasoen egoera, eta "ulergaitza" egiten zaiela azaldu du. Agerraldia egin dute gaur eguerdian, Gasteizen, salaketaren berri emateko.
"Gure semea euskalduna izatea nahi dugu, euskarak ateak irekiko dizkiola badakigulako, euskaraz jakinda lana eskuratzeko aukera gehiago izango dituelako", zehaztu du Ruizek.
Urte hasieran semearen aurrematrikula egitera joan ziren, Murgiako Virgen de Oro eskolara. Orduan jakin zuten ezingo zutela nahi zuten ereduan matrikulatu. "Zuzendariak azaldu zigunez, gure semeak D ereduan ikastea nahi badugu Izarrara joan beharko du".
Urteak dira arazo hori dutela gurasoek Murgian; D ereduan ikasi nahi dutenek Izarrara joan behar dute, eta Murgiatik zazpi kilometrora dago herri hori. Murgiako eskolan B eredua eskaintzen dute, "soilik", Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak azaldu duenez. "Ez dugu ulertzen", erantsi du Ruizek.
Datu zehatzik ez duten arren, gaur-gaurkoz 40 ume baino gehiago Izarrara doazela jakinarazi dute; beste hainbat Gasteizko ikastetxeetara joaten direla ere azaldu dute.
Behatokiarengana jo zuten Murgiako gurasoek, laguntza eske. Behatokiak dokumental labur bat egin du, gurasoen egoera aurkezteko.
Petriatik gogorarazi du euskaraz jakiteko berme bakarra D eredua dela, eta datorren ikasturterako eredu horri ezartzea galdegin du.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, Arartekoarekin eta beste zeinbat eragileekin bilduko dela jakinarazi du, eta Eusko Legebiltzarrera jotzea ere aztertzen ari da Behatokia.
Beste herri batzuetan ere D ereduan matrikulatzeko zailtasunik baldin bada, Behatokiarekin harremanetan jartzeko eskatu du Petriatik.