Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Hur Gorostiaga zuzendaria izan dira bilkuran. Ipar Euskal Herriko hautetsiak ere izan dira bertan, bertzeak bertze Frederique Espagnac, Sylviane Allaux eta Colette Capdevielle. Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidente eta senataria ere bertan izan da.
Lehen lan bilkura izan dela erran du bukaeran Gorostiagak. Seaskak argi azaldu du ikastola baten arazo gisa abiatu dena ikastola guztien arazoa dela. Falloux legeak eragin zuzena du murgiltze ereduan ari diren eskola sistema guztietan. Horrek arazo larria dakarrela erran dio Seaskak Frantziari. Arazo hori konpontzeko molde eraginkorrena lege bat osatzea dela erran diote.
Ministerioetako teknikariek erran dute haiek ez dutela eskumenik erabakitzeko eta proposamena helaraziko zutela, bakoitzak bere ministeriora. Gogorarazi dute Falloux legea aldatzea ez dagoela beren esku, Parlamentuari dagokiolako legeak egitea edo aldatzea. Atzo berean zabaldu zen Filipetti batzordearen txostenean agertzen denez, Hezkuntza Ministerioak berak hobetsi du aterabide bat atzematea murgiltze ereduentzat, eta onartu gaur egun indarrean dagoen sistemak traba ugari eragiten dituela.
Ez dute berriz biltzeko egunik jarri, baina arazoak bere horretan dirau, eta Gorostiagak erran du berriz bildu beharko dutela aterabidea atzemateko.