Baltasar Garzonek Espainako Auzitegi Nazionaleko epaileak Soto del Real kartzelara bidali du Gorka Murillo Etxeberria,behin-behinean eta baldintzarik gabe, "ustez ETA-Segi-Batasuna erakunde terroristako kide izateagatik edo harekin kolaboratzeagatik". Defentsak Murillo aske uztea eskatu du edo, bestela, behin-behineko zigor txikiagoa.
Askatasuna erakundeak jakinarazi duenez, Murillok epaileari aitortu dio Batasuneko partaidea dela, baina "inolako zerikusirik ez" duela ETArekin, Segirekin eta EAE-ANVrekin.
Guardia Zibilak atzo arratsaldean atxilotu zuen Murillo, Aizarotzen (Nafarroa). Epaileak Batasunaren kontrako sumarioarekin lotu zuen atxiloketa, eta gaur atera duen autoak diok Murillo Ultzamako Batasuneko arduraduna eta Nafarroa iparraldeko koordinatzailea dela, eta bera izan dela Ultzamako Abertzale Sozialisten eta EAE-ANVren zerrendak egiteko arduraduna. "Beraz, Batasunaren jardunbidearen etetea hausten ariko litzateke", autoak dioenez, Batasuna Espainiako Estatuan legez kanpoko alderdia dela-eta. Askatasuna eta Segi legez kanpoko erakundeekin ere loturak dituela iritzio dio Garzonek (bi erakunde horiek ere legez kanpokoak direla gogoratu du Garzonek).
Epailearen autoak esaten du Murilloren etxebizitzan "hainbat dokumentu" topatu dutela, ordenagailua, dirua, material informatikoa, oharrak, EHAKren zigilua daukan nominak -bertako langilea dela dio Garzonek-, "ETAren pegatinak", Espainiako "Armadaren bi Nissan Patroli eta helikopteroari ateratako argazkiak" (argazkiok "ETArentzat edo Segirentzat" izan daitezkeela dio Garzonek), Askatasunaren plastikozko banderak, Batasunaren triptikoak... Guardia Zibilari agindu dio agiri horiek denak-eta ahal den azkarren ikertzeko.
Nafarroako Abertzale Sozialistak hautes plataformako hautagaia da Murillo (34. tokian).
Askatasunaren ustez, haren espetxeratzea "ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo uzteko sasi-frogen fabrikazioan Espainiako Gobernuaren beste ekimen bat izan da". Erakundeak "errepresio politikoa gelditu eta konponbide aroa zabaltzeko garaia" dela uste du.
Murillo espetxeratu egin dute, Batasuneko arduraduna izateagatik
Garzonen ustez, Ultzamako arduraduna eta Nafarroa iparraldeko koordinatzailea da, eta "Batasunaren jardunbidearen etetea hausten ariko litzateke" hautes zerrendak egiteagatik. "Erakunde terroristako kide izatea edo harekin kolaboratzea" leporatu dio. Murillok esan dio ez duela harremanik ETArekin, Segirekin eta EAE-ANVrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu