bilera sorta

Murrizketak "behin betiko baztertzeko" eskatu dio Maneirok Urkulluri gaurko bileran

UPDko ordezkaria eta Jaurlaritzako lehendakaria arratsaldean batzartu dira, Gasteizen.

Gorka Maneiro eta Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR, EFE
2014ko urriaren 15a
20:54
Entzun

Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin hasitako bilera sorta amaitu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, UPDko Gorka Maneirorekin batzartuta. 16:30ean bildu dira, Gasteizen.

Maneirok Europa Press berri agentziari egindako adierazpenetan aurreratu du "gizarte arloko murrizketak baztertzeko" eskatuko diola lehendakariari. Horrekin batera, "herritarren arazoei" lehentasuna emateko deia egingo dio. Maneiroren arabera, Jaurlaritzak ez die herritarren eskaerei erantzuten, eta erantzun egin beharko lieke, "estatus berri batez hitz egin beharrean".

Bake eta bizikidetzaren arloan, Zuzenbide Estatua ezartzea galdegin dio, ETAren "behin betiko eta baldintzarik gabeko" amaiera lortzeko. Biktimengan "gehiago" pentsatu beharko lukeela iritzi dio, gainera: "Gobernu honek presoez hitz egiten du etengabe".

Laugarren bilera

Joan den astean Arantza Quiroga PPko presidentea hartu zuen Urkulluk. Quirogak adierazi zuenez, "diagnosian" bat etorri zen lehendakariarekin; ez, ordea, "soluzioan". Quirogarekin bildu aurretik, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkidearekin izan zen Urkullu. Mendia "kezkatuta" agertu zen, eta "hartutako konpromisoak" ez betetzea egotzi zion lehendakariari.

Arraiz, berriz, itxaropentsu irten zen: "jarrera aldaketa" sumatu du EAJrengan eta Jaurlaritzarengan, eta "posible" ikusten du akordioak lortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.