«Eratu berri den UPNren eta PSNren gobernua nahi duen bezala egiten ari da gizarte murrizketak», salatu du Bakartxo Ruiz Nafarroako Legebiltzarreko Bilduren eledunak. Hala, Iruñean emandako prentsaurrekoan salatu dute parlamentuko udako geldialdia gizarte murrizketetarako baliatzen ari dela Nafarroako Gobernua. Ruizen esanetan, «ulertezina» da ahultasun ekonomikoko garaiotan oposizioko indarrek «aukerarik ez izatea» eztabaidatzeko eta proposatzeko. Horregatik, adierazi du babestu egingo dutela uztaila «lanerako hilabetea» izateko Ezkerrak sustatutako ekimena. Alderdiaren irudiz, «ekonomia eta ongizate estatua ahultzen duten neurriak ezartzen dituzten bitartean», ez dago gelditzerik.
Hartara, UPNren eta PSNren gobernua «kontrolatzeko» mozioa aurkeztu du Bilduk, parlamentuan eztabaidatu, eta alderdi bakoitzak bere jarrera zein den «argi eta garbi» adieraz dezan.
Mozioak hainbat proposamen jorratzen ditu. Bertzeak bertze, Errentaren Gaineko Zerga eta Balio Erantsiaren Gaineko Zerga «garaiz» itzul ditzan eskatu dio Nafarroako Gobernuari. «Egia da gobernuak sei hilabeteko epea duela dirua itzultzeko, baina herritarrok, autonomoek eta enpresari txikiek dugun likidotasun falta arazo larria izanik, onartezina da administrazioa inoiz baino beranduago aritzea», erran du Maiorga Ramirez EAko kide eta Bilduko legebiltzarkideak. Zergadunek errenta aitorpena egiten dutenetik gehienez hilabetera dirua itzultzeko eskatzen du Bilduk.
Gainera, mozioan medikuarenera joateagatik ordaindu behar izatea errefusatu du Bilduk. Nafarroako Gobernuari osasun sistema publikoa garatzeko eta hobetzeko konpromiso «sendo eta lehentasunezkoa» eskatu dio. Haurdunaldia borondatez eteteko zerbitzua bermatzea ere galdegin du.
Medikuntzako ikasketen alde
Bertze proposamenen artean, Barcinaren gobernuak NUPen medikuntza ezartzeko beharrezkoak diren urratsak aitzinerat eraman ditzan eskatu dute.
Gainera, bertze proposamen batek Belateko tunelen egoera salatu du. Duela aste batzuk, kamioi batek tunel batean su hartu, eta eragin zituen kalte larriengatik itxita egon da errepidea. «Lehenagotik egin behar ziren konponketak egiteko, gobernua kamioi istripua baliatzen ari daiteke», adierazi du Ramirezek.
Mozio horrekin, legegintzaldi hasieran Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdien jarrera argitzea nahi du Bilduk.
Asteazkenean Espainiako Kongresuan UPNko Carlos Salvadorrek egindako interpelazioaren inguruan ez dute gauza berririk erran. Ruizek adierazi duenez, «UPNkoek behar gaituzte beren diskurtsoa eraikitzeko».
Murrizketak egiteko udaz baliatzea salatu du Bilduk
UPNren eta PSNren lana «kontrolatzeko» mozioa aurkeztu du Bilduk Nafarroako Legebiltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu