Maitane Castaño eta Rocio Bravo bi emakume gazte dira, eta Gurutzetako ospitaleko sarreran daude (Barakaldo, Bizkaia), motxilaz eta kartelak egiteko materialez inguraturik. Gauerdian sartu dira erietxera, eta bertan egin dute lo. Bihar goizera arte ez dute ezer jango, osasun zerbitzuen egoera salatzeko bi eguneko baraualdia egiten ari baitira. Bravorentzat bereziki gogorrak izango dira bi egunak: gozotegi batean lan egiten du, eta arratsaldean lanera joan behar du.
Murrizketak eta gizarte gabeziak salatzeko ahaleginean dabiltza Ez Irentsi egitasmoan parte hartzen duten lagunak. Castañok argi dauka euren aldarrikapenaren zergatia: «Osasun arloko langile kopurua gutxitzen ari direlako ari gara baraualdia egiten, baita erabiltzaileek jasaten dituzten murrizketengatik ere. Batak bestean eragina du».
Gaua ospitalean igaroz eta jan gabe protesta egin behar dutela esan, eta harridura nagusitu da haien inguruan. Hala ere, Gurutzetan dauden gaixoen senideek «ondo hartu» dituztela adierazi du Castañok. Goizaldean ospitaleko segurtasun langileak hurbildu zaizkie, bertatik alde egin behar dutela jakinarazteko. Lehen oharra jaso dutenean ez dira mugitu, baina bigarren abisuarekin batera arazoak izan dituzte: «Nagusiarekin hitz egin dute, eta hark Ertzaintzari dei egin dio». Ertzainak erietxera heldu, eta bi emakumeak identifikatu dituzte, eta isun administratiboa jaso dezaketela adierazi diete.
Azkenean jasoko balute, 500 euro ordaindu beharko lituzkete. Hala ere, ospitaleko arduradunen eskuetan dago erabakia, eta Castañok ez du uste isuna ipiniko dietenik. Hala, 09:30ean Gurutzetatik irten behar izan dute. Lehenengo gauean izandako gorabeheren ostean, Barakaldoko ertzain etxera jo du Castañok, bigarrenean itxialdia Basurtuko ospitalean (Bilbo) egin nahi dutela jakinaraztera.
Belaunaldi kaltetua
Bizi proiektu independentea martxan jartzeko adinean krisiaren kolpe latza jaso duen belaunaldiaren parte dira Castaño eta Bravo: 22 eta 21 urte dituzte, hurrenez hurren.
Gazteak izanagatik, martxan jarri duten borroka «etorriko direnen aldekoa» dela adierazi du Bravok. Haren iritziz, etorkizun hurbilak itxaropenerako tarte gutxi uzten du: «Ez dut uste berehalakoan aldaketak egon daitezkeenik. Egon, egongo dira, baina okerrerako». Horrenbestez, gizarte eskubideak berreskuratzeko, hutsetik hastea beste irtenbiderik ez du ikusten. «Denak eztanda egin behar du, berriro eraiki ahal izateko. Bestela, jai daukagu». Castañok, berriz, kontzientzia sozialari bultzada ematearen beharra nabarmendu du. «Jende guztia kalera irtengo den unean lortuko da hau gelditzea». Arazoak arazo, gizarte mobilizazioa aurrera egiten ari dela uste dute biek ala biek.
«Sormenezko protesta»
Ez Irentsi egitasmoa apirilaren 14an jarri zen martxan. Proiektuaren eledunetako batek, Joseba Argintxonak, «sormenezko protesta proposamena» dela esan du. M-15 mugimenduak 2011n Bilboko Arriaga plazan egindako kanpaldian ezagutu zuten elkar ekintzan parte hartzen dutenek. Han izandako elkarrizketetan hasi ziren martxan den ekintzari forma ematen.
Hala ere, Ez Irentsi plataforman hainbat kolektibotako jendeak parte hartzen duela nabarmendu du Argintxonak. «Hau ez da inorena, eta guztiona da». Murrizketak salatzeko, eskubide sozialak defendatzeko eta beste gizarte eredu bat aldarrikatzeko helburuarekin, bi eguneko baraualdiak egiten ari dira bikoteka, Bizkaiko leku ezagunetan. Baraualdi bakoitza aldarrikapen bati lotuta dago. Hala, «giza eskubideen murrizketak» salatu eta «beste kultura bat» posible dela adierazi dute, besteak beste.
Horretaz gain, eledunak nabarmendu du baraualdian jaten ez den guztia dohaintzan ematendela. Maiatzaren 12an, baraualdien lehen fasea bukatuko dutela ospatzeko, jai bat antolatuko dute, eta hortik aurrera bigarren txandari ekingo diote.
Hasteko, Argintxonak eta beste bi lagun Gernikako Arbolatik gertu lo egiten saiatuko dira, «alde batera uzten gaituztela salatzeko, eta onartzen ez dugula adierazteko». Bermeoko itsasontzi batean eta Gallartako meatzeetan ere pentsatu dute egitea baraualdiak.
Murrizketek jana galarazi diete
Gizarte murrizketak salatzeko eta eskubide sozialak defendatzeko, bi eguneko baraualdiak egiten ari dira Ez Irentsi taldeko kideak. Egunotan, osasun publikoaren alde ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu