Murrizketen eta akatsen ondorioz 10.000 eskola ordu galdu direla dio LABek

Jaurlaritzak ordezko irakasleak hartzeko jarri dituen irizpide berriek eraginiko arazoen berri emateko deia egin du

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «negargarria» izan zen aurreko ikasturte amaiera, eta «negargarria» izan da 2010-2011ko ikasturte hasiera ere, LAB sindikatuaren arabera: «Urtetik urtera okerrago». Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ekainean CCOO eta UGT sindikatuekin lan hitzarmena sinatu zuenean irakasleak ordezkatzeari buruz aurreikusitako murrizketak bete direla salatu zuen atzo LABek, eta horri planifikazio «akats larriak» gehituta, iraileko bigarren hamabostaldian 10.638 eskola ordu galdu direla ondorioztatu du sindikatuak. Zenbaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzaren kalitate murrizketaren adierazletzat jo du Iker Elexpuru LABeko kideak.

Ordezkoen lan baldintzekin bereziki kezkatuta agertu da sindikatua. Izan ere, lanpostuak esleitzeko prozedurak eta planifikazioan eginiko akatsek «inolako babesik gabe» utzi dituzte irakasle horiek. Besteak beste, existitzen ez ziren plazak esleitu, txandak luzatu eta okupatutako lanpostuak berriro eskaini izan direla azaldu du Elexpuruk, eta langileen eskubideak urratzen ari direla erantsi: «Zelaa sailburuak komunikabideetan ikasturte hasiera arrakastatsua saldu zuen, baina errealitatea oso bestelakoa izan da: ikastetxe askotan irakasle falta egon da, eta beste irakasle askok jakin dute haien plaza ez zela existitzen edo emanda zegoela».

Gainera, irakasleak ordezkatzerakoan ezarritako irizpide berriak ere kontuan hartu behar dira. LABek salatu du gaixoaldiak ez direla bosgarren egunera arte estaltzen, nahiz eta hasieratik jakin postuan bost egun baino gehiagoko hutsunea egongo dela. «Plazak desagerraraztea» ere egotzi diote Hezkuntza Sailari. Horren guztiaren ondorioz, lan gutxiago dute ordezko irakasleek, eta, beraz, haien baldintzak «txarrera» doazela ohartarazi du Elexpuruk. Era berean, irakaslerik gabe dauden eskolez arduratu behar izateak, hau da, estaliko ez diren ordezkapen guztiak kudeatzeak lan giroan tirabirak sortu eta hezkuntzaren kalitatea kaltetuko duela uste du.

Ildo horretan, irakasleen beste zenbait eskubide urratzen ari direla gaineratu dute. LABen arabera, Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Ordezkaritzak gutun bat bidali die lurraldeko ikastetxeetako zuzendariei, irakasleen lizentziak eta baimenak haien ardurapean utziz. Elexpuruk esan du baimenak onartzea ez dela zuzendarien egitekoa, eta langileen eskubideak gauza daitezen «oztopatzea» leporatu dio administrazioari.

Krisiaren aitzakiarik ez

Krisi ekonomikoaren ondorioz, diru sailak murriztu zirela gogorarazi du LABek, eta murrizketa horiek hitzarmenaren negoziazioa baldintzatu zutela. Baina sindikatuko ordezkarientzat, krisia ezin da aitzakia bihurtu. «Krisiak ez du laguntzen, baina ezin da aitzakia gisa erabili. Ordenagailuetarako eta egitasmo mediatikoetarako dirua badago, baina ez dago baliabiderik oinarrizko gauzetarako», adierazi du Lierni Altunak, LABeko ordezkariak.

Hartara, murrizketen ondorioz ikastetxeetan sortzen diren gatazkak agerian jartzeko deia egin du LABek. Ikasleak irakaslerik gabe geratzen diren bakoitzean, haurrak ikastetxeko patiora eramatea eta hedabideei egoeraren berri ematea proposatu die eskolei. Era berean, gaiaz hausnartze aldera, biltzeko galdegin die sindikatuak ikastetxeotako klaustroei eta eskola kontseiluei. Ildo horretan, irakasleak, ikasleak eta gurasoak biltzen dituzten ordezkaritza organoei proposatu die Hezkuntza Sailari eskaera bat egiteko: aurreko ikasturtean sinatutako lan ituna bertan behera uzteko, hain justu. «Ikastetxeetako egunerokoak adierazten digunez, eskola publikoarentzat kaltegarria eta atzerakoia da».

Itzulpen akatsak lan itunean

Akatsen berri ere eman du LABek. Hain justu, lan hitzarmenaren testuak eduki desberdinak ditu euskarazko eta gaztelerazko bertsioetan. Itunak itzulpen akatsak dituela azaldu du LABek. Adibidez, gutxienez birritan nahastu dira epearen luzera zehazterakoan -hamar hilabete euskaraz, eta hamabi gazteleraz-. Beste batzuetan, berriz, erabat aldatu dute esaldiaren esanahia: euskarazko testuaren arabera, «aldi baterako etete egoera jarduneko zerbitzutzat hartzen da», baina gaztelerazkoak aurkakoa dio, hots, etete egoera hori ez dela jarduneko zerbitzutzat hartzen. Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin harremanetan jarri da LAB.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.