Hezkuntza. Murrizketen aurkako protestak

Murrizketetan atzera egin dezala exijitu diote milaka lagunek Iribasi, greba eginez

Sindikatuek esan dute grebak %70 inguruko parte hartzea izan duela eta egindako protestek «emaitzak» ekarri dituztelaForuzaingoa ikasleei oldartu zaie, eta gazte bat atxilotu dute Iruñeko protestetan

Ikasleek foruzainez inguratuta egin zuten eserialdia. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARP.
Ander Perez Argote
Iruñea
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Irakaskuntza publikoko milaka irakaslek eta ikaslek egin zuten bat Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aurrekontuetan egindako murrizketak salatzeko atzoko grebarekin. ELA, LAB, EILAS, CCOO eta CSIF sindikatuek deitu zuten protestara, eta «poza» agertu zuten deialdiak izandako «arrakastagatik». Izan ere, %70 inguruko oihartzuna izan zuela esan zuten sindikatuek. Hala, erantzuna hilaren 20an eta 25ean izandako lanuzteean emandakoa baino handiagoa izan dela nabarmendu zuten. Era berean, Hezkuntza Departamentuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla eta zenbait ikastetxetan zerbitzu horiek greba egiteko asmoa zuten langileen artean banatu behar izan zituztela salatu zuten. Alde horretatik, grebarako eskubidea «urratu» izana leporatu zioten Jose Iribasek zuzentzen duen departamentuari. Nafarroako Gobernuak esan du, berriz, %33,8koa erantzuna izan duela grebak. Sindikatuek emandako datuen arabera, greba erabatekoa izan zen Beran, Altsasun, Irurtzunen, Leitzan, Berriozarren eta beste hainbat herritan. Iruñean izan zen, ordea, mobilizazio jendetsuena, eta 6.000 pertsona inguruk egin zuten Hezkuntza Departamentuko egoitzatik Nafarroako Parlamentura bitarteko ibilbidea manifestazioan.

Sindikatuen izenean, Julen Urkiak (LAB) mobilizatzea «merezi» duela nabarmendu zuen manifestazio amaieran. Hala, protesten ondorioz emaitzak jaso dituztela adierazi zuen, nahiz eta «berandu» eman. «Gutxienez» lanaldi erdiko kontratuak eskaini izana, plantillak osatu izana eta ordezkapenen aldarrikapenean «hainbat hobekuntza» lortu izana aipatu zituzten sindikatuek mobilizazioak eragindako emaitza gisara.

Era berean, 2012. urterako hezkuntza aurrekontua 2010ekoarekin alderatuz %12,5 murriztuko dela gogora ekarrita, mezu bat bidali zioten Hezkuntza Sailari: «Zerbitzu publikoak indartzeko momentua da, eta ez ahultzekoa». Azkenik, eta azken asteetan egin bezala, «proposamen zehatzen» inguruan negoziatzeko borondatea erakutsi zuten eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin.

Manifestazioa bukatuta, protestarekin bat egindako ikasleak «bat-bateko» manifestazioan itzuli ziren Hezkuntza Departamentuko egoitzara. Hara iritsi zirenean Foruzaingoa ikasleei oldartu zitzaien eta gazte bat atxilotu zuen, Ikasle Abertzaleek jakinarazi dutenez.

Irakasle, ikasle eta gurasoak

Goizean ere egin zuten manifestazioa ikasleek, Ikasle Abertzaleek deituta, eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean eserialdia eginezitxaron zuten hezkuntza sindikatuek deitutako manifestazioaren iritsiera, harekin bat egiteko. Olast Arrizilita Iturrama Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleak kalera ateratzeko arrazoiak nabarmendu zituen: «Murrizketekin 30 ikasle gara ikasgela bakoitzeko, eta irakasleak ezin du arreta onik eskaini. Horrela ikasleak ezin gara prestatu».

Iruñerri osoan eta Nafarroako beste hainbat aldetan greba egindako irakasle askok ere hartu zuten parte Iruñeko manifestazioan. Hala, murrizketen harira ikastetxeetan pairatzen dituzten arazoak salatu zituzten. Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko eskola txikietako irakasleek, kasu, murrizketek era honetako ikastetxeetan dakartzaten kalteak nabarmendu zituzten. Kalen Astiz Zizur Nagusiko Erreniaga ikastetxeko irakasleak, bestalde, Hezkuntza Departamentuak hartutako neurriek irakaskuntza publikoari eragindako kalteak salatu zituen: «Urteetan lortutako hobekuntzak galtzen ari gara. Murrizketak aurrera doaz, eta ez dago eskubiderik».

Familia ugarik ere hartu zuten parte sindikatuek deitutako manifestazioan. Kristina Gilek, Bigarren Hezkuntzako bi ikasleren amak, murrizketek seme-alaben hezkuntzaren kalitatearen okertzea dakartela salatu zuen. Adibide gisa jarri zuen ordezkapen gabezia dela-eta irakaslea falta denean ikasleek pairatzen duten egoera: «Zaintza jasotzen dute, eta ez benetan behar dutena, kalitatezko hezkuntza».

Edonola ere, batzuek zein besteek egindako murrizketen aurka mobilizatzeko beharra nabarmendu zuten. Joxerra Rodero Zizur Nagusiko Camino de Santiago ikastetxeko irakasleak argi hitz egin zuen zentzu honetan: «Mobilizatzen hasi baldin bagara, bukatu arte jarraitu behar dugu. [Agintari] hauekin ezin gara geldirik egon».

Iribasek konponbidea nahi du

Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak, bestalde, protestetara deitutako sindikatuekin edukitako ezadostasunak konpontzeko asmoa erakutsi du. Adierazi duenez, hilaren 7a aldera sektoreko mahaia bilduko da horretarako. Era berean, hezkuntzan murrizketak egiteko erabakia «zaila eta gogorra baina beharrezkoa» izan dela adierazi du. Edonola ere, gobernuak «arduraz» jokatu duela esan du, Gizarte Politika, Osasun eta Hezkuntza departamentuak izan baitira murrizketa gutxien izan dutenak.

Sindikatuei aurkeztutako eta haiek kritikatutako dokumentuaren inguruan ere hitz egin du Iribasek, eta haren alde agertu da. Dioenez, mobilizazioetan parte hartu ez duten sindikatuei —UGT, APS, ANPE eta AFAPNA— elkarrizketaren alde egiterakoan «arrazoia» zutela erakutsi die dokumentuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.