Murrizteengatik NUP atzean geratzeko arriskuan dela ohartarazi du Lafuentek

Unibertsitatean dirua jartzea ezinbesteko dela adierazi du errektoreak, eta NUP aberastasun iturri dela gogorarazi du

Lafuente errektorea eta Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Lehen dirua soberan ez, eta oraingo murrizketek egoera larrian utzi dute NUP, Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Kinkan daudela ohartarazi du errektoreak, Julio Lafuentek: «Oso handia izan da murrizketen eragina, eta alor guztiei eragin die». Heziketarako eta ikerketarako diru gutxiago du NUPek, eta horrek arriskuan jarri duela nabarmendu du Lafuentek. «Ezin dugu jaitsi ezagutzaren eta berrikuntzaren trenetik, ikertzen eta hezten jarraitzeko gai izan behar dugu». Nafarroarentzat kalterako izango da unibertsitatean baliabideak ez jartzea. Datuak eskuan esan du hori errektoreak: NUPen jarritako euro bakoitzeko, 1,7 itzultzen dizkio unibertsitateak gizarteari.

Lau milioi euro gutxiago eman dizkio aurten Nafarroako Gobernuak unibertsitateari. Azkeneko orduan egin ditu murrizketa horiek, eta aurrera egiteko komeriak izan ditu NUPek; 2010ean aurreztu zituen diru sailetara jo behar izan du. Unibertsitatearen egoeraren berri eman zuen atzo errektoreak Nafarroako Parlamentuan, NaBaik eskatuta.

Krisi garaia dela eta horren eragina pairatu beharra dutela onartu du Lafuentek, eta horri aurre egin nahian ari direla nabarmendu du: «Oraingo egoerak eskatzen ditu sakrifizioak eta doikuntzak, eta NUP ari da horretan, ahal duen neurrian». Ordea, mugak badaudela ohartarazi du, behin horiek gaindituta ezingo diotelakoan eutsi oraingo martxari: «Irakaskuntzaren eta ikerketaren kalitatea arriskuan dagoenean, hor egongo da muga». Aurten, ikerketarako eta beketarako diru gutxiago izan dute, eta inbertsioak eten dituzte Tuterako campusean eta ordenagailuen erosketan.

Datorren urtean egoera aldatzea ez du espero Lafuentek. Aurrekontuetarako aurreproiektua egin du Nafarroako Gobernuak, eta iragarri baino ia milioi bat euro gutxiago ageri da NUPentzat. Hezkuntzako murrizketetan gehiena unibertsitateak jasan duela salatu du Lafuentek: erdia.

Bolognara egokitzeko garaian

Egokitzeko aldia dute unibertsitateek oraingoa: datorren urtean guztia beharko dute Bolognako prozesuaren arabera. «Baliabide gehiago eskatzen ditu sistema horrek, eta finantzaketa urritzen ari den garaian ari gara moldatzen».

Unibertsitatea galbidean jartzea hanka-sartze handia litzateke, haren iritzian: «Gu ez gara arazoaren zati, konponbide baizik». Nafarroarentzat ezinbestekoa da NUP, baita alde ekonomikotik ere. Hala dio Lafuentek: «Negozio oso ona gara Nafarroarentzat, begiratzen den lekutik begiratuta».

Hezkuntzan inbertitzea nahitaezkoa dela, ados dira oposizioko alderdiak: NaBai, Bildu, PP eta Ezkerra. Kezka agertu dute. Gobernuko bazkideek, UPNk eta PSNk, ukatu egin dute, ordea, kalitatea kaskartuko dela NUPen.

Krisi egoeraren erdian negoziatu beharko dute finantzaketarako hitzarmena unibertsitateak eta gobernuak. Urtebeterakoa ez, urte bat baino gehiagorako ituna nahi du Lafuentek, 2015era artekoa edo. Aurreko taldearekin utzi zuen bideratuta, baina aldatu da kontseilaria. Halako itunak egiteko arazoak izan ditu lehen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.