Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herriko museoetan euskararen egoera aztertu du. Uda parteko oporretan bete ohi dira bisitariz museoak. Aurtengo udan, Kontseilua bisitari horietako bat izan da eta Euskal Herri osoko 19 museo aztertu ditu galdera honi erantzuteko asmoz: "euskara, museorako hizkuntza?".
Azterketa honen ondorio gisa, euskal museoetan euskararen lekuak izan beharko lukeena baino txikiagoa dela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek. “Euskal Herriko museoak ez dira turistentzat soilik, euskaldunontzat ere prest egon behar dute”, adierazi du Kontseiluko ildo politikoko arduradun Iñaki Lasak. Horrela, museoetan hizkuntza-eskubideak ez direla guztiz bermatzen ondorioztatu du Kontseiluak.
Laburbilduz honakoak dira atera dituzten ondorio nagusiak:
o Aztertutako museoen % 63an euskaraz egiten dute harrera, baina 7 museoetan, ez dira euskaraz zerbitzua emateko gai izan.
o Eskuorrien % 22a erdara hutsean eskaintzen dute.
o Txartelen erdia baino gehiago ere erdaraz bakarrik edo erdara nabarmenduz egiten dituzte.
o Erakusketaren oinarrizko informazioari dagokionez, % 47an agertzen da euskara orekaz.
o Bisita gidatuei dagokienez, 6 museok eskaintzen dituzte horiek euskaraz.
Emaitza onenak Gipuzkoan, eta Guggenheim erdialdean
Gipuzkoan daude hizkuntz eskubideak egokien betetzen dituzten museoak. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria daude beste muturrean. Eta tartean, Araba eta Bizkaia. "Hala ere, badute zer hobetua", nabarmendu du Lasak. Segurako Erdi Aroko museoa izan da puntuaziorik altuena eskuratu duena, 21 puntu 30etik. Guggenheim museoa ere, Gipuzkoako Zumalakarregi museoarekin, Kutxagunearekin eta Utzi Museoarekin batera, zerrendaren goiko aldean daude: 18 puntu lortu dituzte. “Goiko aldea diogun arren, zerrendaren erditik hurbilago daude, beraz, oraindik lan handia dago egiteko”, azpimarratu du Kontseiluko ordezkariak. Zerrendaren azpialdean Baionako Bonnat museoa eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa daude, puntu bakar bat ere ez baitute eskuratu.
Azterketa egiteko hainbat ezaugarri hartu dituzte kontuan: museoetako langileak (txartel-saltzailea, bisiten arduraduna), espazioa (sarrera, irteera nahiz komunetan aurki daitezkeen argibideak, artelanen izena) eta museoetan banatzen den doako materiala, eskuorriak kasu.
Euskara
Museoetan ez direla hizkuntz eskubideak betetzen agertu du Kontseiluak
19 museo aztertu dituzte. Segurako Erdi Aroko museoa da puntuaziorik handiena eskuratu duena. Aldiz, Baionako Bonnat museoak eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak ez dute puntu bakar bat jaso. Guggenheim erdi parean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu