Gora Iruñeak 14:00etan zabaldu du Jai Gunea, eta Runako parkea musika gune bilakatu da. 16:00etatik aurrera, kontzertuak antolatu dituzte: Lubaki, Ipar Folk, Esne Beltza, Traccaion, On, Dj Goo...
Tarteka euria gogoz ari badu ere, hori ez da aitzakia: euria ari duenean karparen azpian batzen ari da jendea. Barraren beste aldean, 1.500 lagun ariko dira sanferminetan lanean.
Jaiak hasteko egun gutxi falta zirela alerta zabaldu zuen Gora Iruñeak, txandak osatzeko jendea behar zutela adieraziz. Ordu gutxiren buruan, lortu zuten beharrezko laguntza. Beraz, bederatzi egunez martxan egoteko prest da Jai Gunea.
Gaur arratsaldez egongo dira jarduerak; bihar, berriz, goizetik hasiko dira. Txiki Gunea prestatu dute haurrentzat: puzgarriak, rokodromoa... Arratsaldean serigrafia tailerra egingo dute, eta gauean kontzertuak izango dira.