Zenbait emakume gizonezkoek soilik hasitako mutil dantzan sartu ziren, emakumeen kontrako diskriminazioa salatzeko asmoz. Baina Plazara Dantzara taldeak BERRIAra bidalitako ohar batean jakinarazi duenez, gizon taldearekin batera dantzan hasitakoan, inguruko herritar talde bat haiek iraintzen hasi zen.
Taldeak ohar horretan jakinarazi duenez, emakume bati zuzenean halaxe esan zioten: "Zartako bat emango nizuke".
Plazara Dantzara taldeak gogor salatu du gertatutakoa, eta argi utzi du "mehatxu guzien gainetik" lanean segituko duela plaza eta herri parekideak lortu arte. "Horrelako jarrera diskriminatzaile eta faxistak ez ditugu onartuko herri honetan. Baztango eremu publiko guztietan egongo gara emakumeen eskubideak bermatzen eta eraso sexista guztiak salatzen. Hemendik aitzin auzitara joko dugu".
Iruritan aurten, diskriminaziorik ez
Plazara Dantzara herri ekimena iaz sortu zen Baztanen, emakumeek mutil dantzetan parte hartu ahal izan dezaten. Aurkeztu zutenean argudiatu zuten lehen soilik gizonezkoek parte hartzen zuten tradizio asko egokitu egin direla, besteak beste, puska biltzeak, kinto ospakizunak edo batzarrak.
Aurkezpenean "begirada txarrak" jasan behar izaten zutela esan bazuten ere, pixkanaka zenbait herritan hasi dira mutil dantzak ere egokitzen. Esate baterako, aurten Iruritan emakumeak plazan izan ziren dantzan.