Gasteizko udaltzainek 22 urteko mutil bat atxilotu dute, urte hasieratik hirian edukiontzi asko erre dituela egotzita. Atzo atzeman zuten, goizeko ordubatak aldera, Jacinto Benavente kalean, ustez gazteak pixka bat lehenago kale hartan bertan hiru edukiontziri su eman ostean.
Udaltzaingoak dio edukiontziak modu eta ordu jakin batean erretzen zituztela-eta zaintza lanak egiten hasi zela, eta asteburuan lortu duela erasoen egilea atzematea, taberna batean. Atxiloketa egiteko segurtasun kamerak ere erabili dituela esan du Udaltzaingoak.
Gaztearen etxea miatu, eta sua pizteko materiala aurkitu dute, iturri hark dioenez.