Mutrikuko plantaren urtebeteko enbata

Jaurlaritzak mugarritzat jo du olatuak baliatzen dituen planta; Mutriku Natur Taldeak, berriz, kalte ugari salatu ditu

Mutrikuko kaia, iaz. Herritik urrunen dagoen murrua luzatu nahi du Jaurlaritzak, kaiko olatuak baretzeko. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Urtebete egin du martxan Mutrikun (Gipuzkoa) energia sortzeko olatuak baliatzen dituen plantak. Urtebete horren balorazioa egin du Eusko Jaurlaritzak; esan du planta «mugarri» izan dela energia eredu horren alorrean. Honako hauek dira Jaurlaritzak emandako datuak: 200.000 kilowatt ekoitzi ditu plantak urtebetean; 200 lagunentzako argindarra, hain justu. «Kopuru handia ez bada ere, energia iturri berri batetik datorrela nabarmendu behar da», zehaztu du Industria Sailak. Izan ere, 600.000 kilowatt sortzea da helburua, eta, beraz, 600 pertsonaren energia beharrak betetzea.

Iazko uztailaren 7an inauguratu zuen planta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Hamabost turbogeneradore ditu, eta Mutrikuko kaia babeste aldera eraikitako dikearen barnean dago.

Instalazioarekin eta, batez ere, dikea luzatzeko egitasmoarekin kritiko ageri da Mutriku Natur Taldea. Plantari dagokionez, talde ekologistak ohartarazi du olatuen indarra baliatzen duen zentralaz ez dela ingurumen eragina aztertzen duen txostenik eta hori ez den artean ez lukeela lanean aritu behar. Gainera, hilaren 12an Patxi Lopezen gobernuak adierazi zuenez, planta interes handia pizten ari da, urtebetean 500 profesionalen bisita jasotzeraino. Garrantzia kendu dio Rafa Diezek, Mutriku Natur Taldeko ordezkariak, horri: «Egunean 1,3 pertsona dira». Energia berriztagarrien aldeko jarrera berretsi du Diezek, baina inbertsioaren eta emaitzaren arteko diferentziaz ohartarazi du. Dikea egiteko eta konpontzeko lanen kostua aintzat hartu gabe, 2,3 milioi euro pagatu ditu Jaurlaritzak zentra-la egiteko; lan horiek kontuan izanez gero, 6,7 milioikoa da gastua.

Aralarrek ere kezka azaldu du plantaren inguruan. Instalazioak matxurarik izan al duen galdetu zion ekainean Bernabe Unda Industria sailburuari. Undak ezetz erantzun zuen, baina aitortu zuen iazko abenduko ekaitzak kontrol zentroko ateak hautsi eta tresneria elektronikoari «kalte» egin ziola. Joan den astean Jaurlaritzak azaldu zuenez, denboralearen ondorioz gelditu egin behar izan zuten planta, hiru hilabetez. «Horrexegatik sortu zen espero baino energia gutxiago».

Mutrikun badago ere, udalak ez du parterik zentralean. «Sortzen den energia ere ez da herrian bertan kontsumitzen», argitu du udalak. Hala ere, bere asmoetan sartu du udala Eusko Jaurlaritzak. Iragarri zuen zentrala egokituko duela uda amaitu aurretik bisitariak jasotzeko eta Mutrikuko Turismo Bulegoak kudeatuko dituela bisita horiek. Baina, Mutrikuko Udalak BERRIAri ziurtatu dionez, Jaurlaritza ez da harremanetan jarri Herriko Etxearekin horretarako.

Dikea

Kaia babesteko eustormak sortu du, ordea, harrabots gehien. 2008ko ekainean Eusko Jaurlaritzaren enkarguz —orduan EAJ gobernuan zela— eginiko txosten batek frogatu zuen olatuen tamaina eta norabidea aldatu dela; txosten horren arabera, 2007 aurretik indar handiena zuten olatuak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik zetozen; ordutik, berriz, soilik ipar-mendebaldeko olatuak dira indartsuenak. Mutriku Natur Taldeak ohartarazi du ez dela azterketarik agindu dikea egoera berrira egokitzeko.

Horrek eragina izan du ingurumenean eta izan dezake herritarren segurtasunean, Diezen arabera. Izan ere, dikea jotzen duten olatuek Mutriku eta Deba lotzen dituen kostaldeko errepidearen kontra egiten dute gero (GI-638). Diezen esanetan, horrek higatu egiten du errepidea, eta handik igarotzen direnak arriskuan egon daitezke, beraz. Ez da elkarteak atzeman duen arrisku bakarra; dikea amaitu gabe dago oraindik, baina, proiektuan jaso bezala egiten badute, portuko sarrera estutu egingo da. «Horrek arazoa sortuko luke. Itsaso zakarra dagoen egunetan, ontziak harrietara bultzatuko ditu itsasoak, eta hori arriskutsua da».

Mutrikuko hirugarren hondartzari ere kalte egin dio dikeak, natur taldearen arabera. Errepidearekin gertatzen den antzera pasatzen da hareatzarekin; kai muturrean jotzen dute olatuek, eta, gero, hondartzara doaz. Hareatza harearik gabe geratzeak murruarekin eta zentralarekin loturarik ez duela argudiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak, Espainiako Gobernuko Kostalde Zuzendaritzari otsailaren 28an igorritako agiri batean. 2008an eta 2009an izandako itsaso zakarrak eragin zuen hondarra galtzea, Jaurlaritzaren esanetan.

Hondartza leheneratzeko lanak abiatzera derrigortu du, ordea, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritza. Hondartza «egonkor» bat bermatzeko, eta harea «egokia» izateko eskatu dio. Hondar «egokiaren» eskaerak badu zergatia: Zumaiako (Gipuzkoa) hondartzako harea eraman du Mutrikura Jaurlaritzak; tamaina ezberdina dute Zumaian bildutako hareak eta Mutrikuko hirugarren hondartza osatzen zuenak, eta Madrilek ezinezkotzat jo du Zumaiko hondarrarekin Mutrikuko hondartza biziberritu eta egonkortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.