Belateko tunelaren inguruan egon den luiziak N-121-A errepidearen galtzada estali du, eta itxi egin dute, arriskuak saihesteko. Teknikariak aztertzen ari dira gertatutakoaren garrantzia, baina aurreratu dute gutxienez hilabetean itxita egongo dela errepidea inguru horretan, garbitu bitartean, eta Nafarroako Gobernuak gomendatu du ibilgailuek Leitzarango autobidea erabil dezatela, batez ere ibilgailu astunek. 7.000 ibilgailu igarotzen dira gutxi gorabehera egunean, horietatik %30 astunak.
Inguru horretan beste luizi bat izan zen hilaren 14an, zehazki tuneleko hegoaldeko sarreran, eta hurrengo egunean beste lur zati bat erori zen. Iruñeko noranzkoa itxi eta Donostiakoa bi noranzkoetara moldatu behar izan zuten gaur arte, eta lanean aritu arren, egunotako euriteek egoera okertu dute.