Iragarria zuten goizeko 07:00etatik 09:00etara bitartean egingo zuela elur gehien, eta hala izan da. Ordu horietan izan dira errepideetan arazo nagusiak ere.
Goizeko lehen orduan lanera joateko autoa hartu dutenetako asko harrapatuta geratu dira N-1ean eta A-15ean, Lasarten eta Andoainen. Ordea, garraio publikoaren aldeko hautua egin dutenek ere zain egon behar izan dute, izan ere autobus eta tren zerbitzu asko bertan behera geratu dira eta besteak atzerapenarekin heldu dira.
Eskolei dagokienez, berriz, gaur klaserik ez zela egongo zioen Hezkuntza Sailaren ohar bat zabaldu da goizean, baina gezurtatu egin dute halakorik. Hala ere, orotara ugari izan dira klaseak bertan behera uztea erabaki duten ikastetxeak, tartean Euskal Herriko Unibertsitateak. Azken horrek iragarri du arratsaldera arte ez dela klaserik izango.
Elurtearen ondorioz ateak itxi dituzte, besteak beste, Tolosako Orixe Institutuak eta Herrikide ikastetxeak (Batxillergoan soilik), Zizurkil Goko San Millanek, Villabonako Erniobeak, eta Bidania-Goiazko Txinkorta eskolak, Orereta ikastolak eta Pasaia-Lezoko lizeoak.
Oposiziotik heldu zaizkien kritikei erantzun die aldundiko eledunu Imanol Lasak esanez elurra kentzeko 80 makina, 12 ibilgailu arin eta 8.100 tona gatz erabili dituztela errepideak galbitzeko. Bide beretik, nabarmendu du "gutxitan gertatzen den egoera" izan dela gaurkoa, errepide sare osoan izan direlako arazoak aldi berean. Aholkuei "entzungor" egin eta elurra kentzeko makinei tokia uzten ez dieten gidarien jarrera ere kritikatu du Lasak: "Horietako asko gurutzatuta geratu dira, eta auto ilara luzeak eragiin dituzte".
Atzerapenak garraio publikoan
Ibilgailurik ez hartzeko aholkatu du goizean hiriko Segurtasun arduradun Martin Ibabek, baldin eta "behar-beharrezkoa ez bada". Izan ere, arazoak izaten ari dira ez bakarrik bigarren mailako errepideetan, baita errepide sare nagusian ere. Zenbaitek bi ordu baino gehiago behar izan dituzte Donostiara heltzeko:
N-1 errepidean Lasarte eta Andoain artean Donostiako norantzan 2 ordu eta erdi geldirik!! #lotsagarria#elurra#elurteapic.twitter.com/lveStQBBTo
— Mikel Arreseigor (@MikelArreseigor) 2018(e)ko otsailak 28
Hiri barruan ere arazoak izan dira goizeko lehen ordutik. Euskotrenek bertan behera utzi behar izan du goizean eta hainbat orduz Lasarte eta Donostia arteko zerbitzua, orratzak izoztu direlako. Dbusek ere eten egin ditu zenbait zerbitzu, eta Renferen trenak atzerapenarekin ibili dira.
Ibabek jakinarazi duenez, Amarako ingurabiderako sarrera-irteerak moztuta daude, eta arazoak daude erietxerako eta Intxaurrondorako sarrera-irteeretan, nahiz eta garbitzaileak lanean ari diren. Dbusi dagokienez, berriz, dituen ehun ibilgailuetatik 70 geldirik daude, eta autobus geltoki nagusia itxita dago, gutxienez eguerdira arte.
Elurra nagusi. Nieve en #Donostiapic.twitter.com/IExlJaXMCB
— Donostia Kultura (@donostiakultura) 2018(e)ko otsailak 28
Donostiako Udaleko larrialdi mahaia bilduta egon da goizaldetik elurtea dela eta. Horretaz gain, jakinarazi dutenez kalean bizi diren 25 bat lagunek baliatu dute gauean Udalak eskaintzen duen ateak zabalik aterpe zerbitzua.
Arazoak errepide sare nagusian
Goizeko lehen orduan itxi egin behar izan dute N-1a Etzegaraten. Ordea, goiz erdirako errail bana zabaldu dute norantza bakoitzean. A-15 errepidea ere itxi egin dute Andoainen, Anaztegiko tunelaren parean, istripu larri baten ondorioz. Goizeko seiretarako ordu erdi inguru falta zela hainbat auto gurutzatuta geratu dira errepidean, eta bi errailak moztu behar izan dituzte, eguerdira arte.
#andoain#trafikoapic.twitter.com/0lj6ERG8rN
— Aiurri hedabideak (@Aiurri) 2018(e)ko otsailak 28
Urnietan ere kamioi baten eta auto baten arteko istripua izan da goizaldean, eta pertsona bat eraman behar izan dute erietxera.
N-1ean baita ere, baina Lasarte eta Donostia artean, hainbat ibilgailu harrapatuta egon dira bi ordu baino gehiagoan, beste istripu baten ondorioz. Orduotan, hala ere, errepideak normaltasunera itzultzen ari direla jakinarazi du Trafiko Zuzendaritzak.
Kamioiei debekatu egin diete goizean errepidera ateratzea, eta gainontzeko ibilgailuei eskuineko erraila erabiltzeko eskatu diete Segurtasun Sailetik, elurra kentzeko makinak pasa ahal izateko.
Hondarribiko aireportuan, berriz, bertan behera geratu dira Madrilerantz abiatu behar ziren lehen bi hegaldiak. Beste horrenbeste gertatu da ere Madrildik zetorren batekin. Hala ere, aireportuko arduradunek azaldu dutenez, elurra kendu dute jada pistatik, eta hegazkinek ez lukete arazorik izan beharko lurreratzeko.
Dena den, eta arazo ugari eragin dituen arren, irudi ikusgarriak ere utzi ditu gaurkoan elurrak.
[youtube]https://youtu.be/5NsJebUwQ9I[/youtube]