Pello Urizar. Eusko Alkartasunako idazkari nagusia

«NaBai aldaketa tresna izateko aukera bakarra atea irekitzea da»

Nafarroa Bairen aldeko hautua defendatzen du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak. Egoera zuzentzeko ahalegina egingo du EAk. Baina argi du aldaketarako tresna izateko gaitasuna koalizioa zabaltzean dagoela.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Donostia
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Iruñetik etorri berria da EAren Donostiako egoitzara, NaBairen egoerari buruz prentsaurrekoa eman ondoren. Nafarroan izan du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak (Arrasate, 1968) azken egunotako jarduera politikoaren epizentroa.

EAren Batzar Nagusiak aste honetan NaBairen aldeko apustua berretsi du, apustu instituzional bakarra dela esan du, baina gainerako kideek diote ez dela nahikoa eta NaBaitik kanpo jarri duela bere burua. Zer dio EAk?

Duela hamabost egun beste nazio batzar bat eduki genuen eta azken hilabeteetan lortutako oinarri politiko, programatiko eta antolakuntzakoak onartu ziren, eta Nafarroa Bain jarraitzea onartu zen. Horrela zegoela, sinatzeko ekitaldia izan baino 24 ordu lehenago, mahai gainean beste eskakizun edo garantia batzuk jarri zizkiguten. Eskakizun horiek ad hoc edo neurrira eginak daude Eusko Alkartasunarentzat. Horrek baldintzak aldatzen ditu eta ez da aurreko Batzar Nagusian onartutakoa, eta berriz ere Batzar Nagusira joan behar zen. Uste genuen bezala, Batzar Nagusiak onartu egin du Nafarroa Bain egotea. Nafarroak egoera berezia dauka. Egoera berezi horrek eskatzen du abertzale guztien arteko lan komun bat eta esfortzu komun bat egitea, eta soilik horrela posible izango da Nafarroa Bai aldaketa tresna bat izatea. Nafarroa Bairen apustua berretsi genuen, baina ez zitzaigun egokia iruditu guri exijentzia edo garantia berezi batzuk eskatzea. Garantiak exijitu behar badira, guk ere exijitu ahal ditugu. Lortu arte akordioa edo Euskal Herriaezkerretik akordioa NaBairen kontra doazela diotenean —guretzat ez da horrela—, guk ere esan dezakegu, adibidez, EAJk Madrilen Zapaterorekin egiten dituen akordioek nafarrei ere kalte egiten dietela. Baina guk aldaketa politiko eta soziala lehenesten dugu Nafarroan, eta erantzukizunez jokatuz, programa, gai politikoak eta antolakuntzakoak adosteko borondatearekin gaude. Hortik aurrera, ez.

Orduan, NaBain segitzeko eta zerrendak elkarrekin osatzeko saioa egin behar duzue?

Asteazkenean guri bidalitako idatzian, esaten digute beraiek hasiko direla horretan lanean eta gukdata jakin baten barruan beren baldintzak sinatzen baditugu ateak irekita egongo direla. Guretzat, hori ezkutatzeko modu bat da; uste dugu ez dagoela arazoari heltzeko intentziorik. Hor beste arrazoi batzuk daude, eta ez dituzte azaldu nahi. Noski, 2007an lortutako emaitzak oso positiboak izan ziren, baina zerbait gehiago lortzea nahi badugu, ateak irekiak egon behar dira, beste edozein bazkide bezala ezker abertzaleak sartu nahi balu sartzeko, besteen baldintza berberekin. Eta ezezkoa esaten dute. Ezezkoa, ez dagoelako baldintzarik. Baina ez dute esaten zergatik ez dagoen baldintzarik. Guk daukagun susmoa da baldintza horiek PPk eta PSOEk jartzen dituzten baldintza berberak direla. Biolentziaren inguruan gauza konkretu bat eskatzen dutelako, eta hori guretzat kontrajarria da gutxienez Aralarrek Gernikako Akordioarekin daukan konpromisoarekin. Ezker abertzaleak badaki, eta guk badakigu, legala ez den bitartean ez daukala aukerarik sartzeko, baina ezin dezakegu esan Alderdien Legearen aurka gaudela eta gero, modu batean edo bestean, ia-ia berdin jokatu. Legezkoa ez bazara, ezin izango zara partaide izan koalizioan, baina gutxienez ateak irekita egon daitezela eta lankidetza aukera bat egon dadila. Guretzat, NaBaik aldaketa tresna izateko aukera bakarra dauka denentzako ateak irekita badauzka.

Uste duzu tarterik badagoela Nafarroa Bairen apustua zuzentzeko?

Gure aldetik bai, baina ez dakit haiek borondaterik duten edo ez.

Zenbat denbora egon zaitezkete egoera honetan?

Gaur [ostegunean], adibidez, Iruñean bertan egin dugun prentsaurrekoan, eskatu diegu zerrendak osatzeko prozesua gelditzeko. Hasten badira martxan eta hautagaiak aukeratzen badituzte eta zerrendak lotzen badituzte, hor bukatuko da tartea, baina ea zein borondate dagoen.

Haiek argudiatzen dute NaBain egotea eta ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin akordioak izatea bateraezina dela. Zuentzat, ordea, uztargarria da. Azalduko duzu zergatik?

Nik ez dut ulertzen zergatik den bateraezina. Guk daukagun akordioa akordio estrategikoa da, lehenago edo geroago —nola ez— hauteskundeetan isla izan behar duena. Baina ez dauka zertan izan momentu honetan. Zehazki, ezker abertzaleak daukan egoera partikularra kontuan izanik, egoera partikular horrek ez ditu besteek izan ditzakegun aukerak hankaz gora jarriko edo ez ditu baldintzatuko. Hori horrela da. Guk ezker abertzaleari esan genionean akordio estrategiko honek ezin zezakeela baldintzatu NaBai, hori argi zegoen. Guk akordioak sinatzen ditugunean sekula ez dira beste batzuk oztopatzeko edo martxan dagoena hankaz gora jartzeko, ezta inondik ere.

Beste era batera esanda, esaten dute polo edo bilgune subiranista bat bultzatzea NaBairen proiektuaren kontra doala.

Bai, baina ez dute arrazoitzen zergatik. Adibidez, hemen dinamika gehiena Aralarrek izan du: Euskal Herria ezkerretik akordioa kaleratu genuenean, lehendabiziko kritika izan zen beraiek eraso bezala ikusi zutela eta ez zitzaiela beraiei ezer esan akordioa sinatu baino hamabost egun lehenagora arte. Guk esan behar dugu hori gezurra dela. Guk Lortu arte akordioa ekainaren 20an sinatu genuen. Orduan bertan jakinarazi genuen gure borondatea zela, ez akordio hori, hori bi alderdien artekoa delako, baina bai akordio horren espiritua beste batzuekin partekatzea. Uztailaren 19an izan genuen aurreneko bilera Aralarrekin, eta Lortu arte dokumentua pasatu genien. Abuztuaren 3an bigarren aldiz egon ginen, eta orduan Gernikako Akordioaren zirriborroa pasatu genien, eta abuztuaren 31n hirugarren aldiz egon ginen. Eta abuztuaren 31n esan ziguten beren helburu estrategikoa ezker abertzalearen berbatuketa zela. Ez zeukatela beste helburu estrategikorik. Orduan, EAk esan zuen: kontua ezker abertzalearen etorkizuna bada, guk ez dugu ezer esatekorik. Horrez gain, esan zuten hauteskundeetarako beren apustua erkidego autonomorako bakarrik aurkeztea zela. Hori jakinarazi zuten geroxeago jendaurrean. Horrela esan ziguten: 'Guk estrategikoki ez dugu intentziorik ezer lantzeko, gerora ezker abertzalearen berbatuketa ez bada'. Horrela gelditu ginen. Alternatibarekin abuztuaren 25ean egon ginen, Aralarrekin egon eta hilabete geroago. Alternatibak ulertu zuen zer esaten zitzaion eta hizketan hasi ginen. Aralarrek ezetz esan zuen eta Alternatibak baietz. Alternatibarekin prozesua hasi eta bukatu zen, sinatu genuen eta orain hasten dira Aralarrekoak esaten beren kontra doala hori. Ez da sekula izan horrelako intentziorik.

Baliteke Nafarroan lehen indarra izateko aukera galtzea?

Izan liteke. Egia esan, gaur [ostegunean] kazetari batek Euskadi Irratian zera esan du: 'Aralarrek eta EAJk ez dakit kalkuluak oso ongi egin dituzten. Beraiek dauzkaten arrazoiengatik azkenean EA kanpoan uzten badute, hor arerio bat ager daiteke, eta horrek egin dezakeena da botoen banaketa gertatzea'. Guk uste dugu ez dela komenigarria.

Zer giro sumatu duzu azken egunotan alderdikideen artean? Zein zalantza agertu dira? Alderdia batuta dago?

Ehunetik ehunean ez dute berdin pentsatzen. Orain dela hamabost eguneko batzarrean oso boto gutxi egon ziren NaBairen aldeko botoa ez zena izan, eta, aldiz, azkeneko exijentzia hauek heldu direnean, pertsona batzuk nekatuta azaldu dira, behin eta berriz eskakizunak egiten dizkigutelako eta hautsi nahi dugunak gu garela esaten dutelako. Kezka hori bazegoen. Hala ere, argi ikusi zen batzarrean hori horrela izanda ere, jendeak badakiela erantzukizunez jokatzen, eta gehiengo oso handi batek onartu zuen ebazpena, non argi azaltzen den NaBairen aldeko hautua egiten dugula eta berresten dela. Uste dugulako momentu honetan egin behar dugun lanak izan behar duela Nafarroa Bain egon nahi duten denek atea irekita eduki dezaten eta benetan izan dadila aldaketa tresna bat.

Zer gertatu da Uxue Barkosesekin? Momentu batean Parlamentuko zerrendaburu izan zitekeela iradoki zenuten. Orain zalantzan jarri duzue Iruñeko zerrendaburua izatea.

Uxue Barkos duela lau urte Iruñeko hautagaitzara EAren postuetan aurkeztu zen, eta denok dakite Uxue Barkos independenteen bozeramaile bezala ari dela eta independentea dela. Guk badakigu Uxue Barkos NaBairen barruan erreferente bat dela, eta sekula ez dugu ukatu. Baina berarekin EAren postuetan joateko hitz egiten egon ginenean, azaldu genion EAk zituen akordio estrategikoekin eta ibilbide estrategikoarekin bat etorri behar zuela edo bestela independente gisa aurkeztu behar zela. Guretzat toki bakoitzean EAren erreferenteak izan behar dituzten pertsonek, nola ez, bat etorri behar dute alderdiak daukan ibilbidearekin. Hori betetzen duten heinean EAren postuetan joango dira. Uxue Barkosen kasuan, pertsona publikoa da, eta gutxieneko konpromisoa behar du.

Gutxieneko konpromiso hori badago Uxue Barkosen partetik?

Ez, ez du bat egiten EAk une honetan egiten duen hausnarketa estrategikoarekin. Esan diogu ez dela logikoa joatea EAren postuetan, EAk erreferente bat galtzen duelako. Horrek ez du esan nahi ez litzatekeela joango Iruñeko hautagai gisa, jakinda NaBairen barruan erreferente bat dela. Independente gisa agertu beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.