Euskal Herrian presoen eskubideen aldeko ekimenak gero eta ugariagoak dira. Bilbon, sei lagunek bere burua kateatu dute Espainiako gobernu zibilaren egoitzan, goizeko 11ak aldera. Ertzaintzaren istiluen aurkako taldea laister iritsi da, eta kordoia ezarri dute. Sei gazteak atxilotu dituzte jarraian. Bestalde, eguerdian eguneroko elkarretaratzea egin dute Herrira mugimenduak deituta, Moiua plazan. Gaurko deituta zegoen manifestazioa bertan behera gelditu da, Auzitegi Nazionalak debekatu ostean. Hala ere, protesta egin dute, eta espaloietatik eta alboko kaleetatik joan dira Areatzara, jai gunerantz.
Nafarroako Parlamentuan 10 orduko itxialdia egin dute NaBai eta Bilduko zazpi parlamentarik, Josu Uribetxebarria eta beste gaixo larriak "berehala" aska ditzaten eskatzeko. Aralarreko Asun Fernandez Garaialde, Txentxo Jiménez eta Xabi Lasa, eta Bilduko Bakartxo Ruiz, Victor Rubio, Bikendi Barea; Koldo Amezketa eta Aitziber Sarasola dira itxialdia hasi duten parlamentariak. 24 ordukoa izatea zen parlamentarien asmoa, baina Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak 21:30etarako bertatik alde egiteko agindua eman die. "Ganberako araudiko 35.1 artikuluak dioenez, Parlamentuko ekitaldiak prestatzeko erabil daitezke bulegoak, baina 21:30rainoko denbora mugarekin", azaldu du Catalanek. Istilurik saiheste aldera, itxialdia gaueko bederatzietan utzi dute.
Iruñeko katedralean, hamalau orduko itxialdia hasi zuten atzo gauean bederatzi pertsonek, gaixorik dauden hamalau presoekiko elkartasunez. Espainiako poliziak atxilo eraman zituen guztiak. 11:30ean epaiketa azkarra egin diete eta eta, 1.350 euroko isuna ezarri diete "Katedralean indarrean sartzea" egotzita, Ateak Irekiren atariaren arabera. Auzipetuek ez dute epaia onartu, eta, beraz, irailaren 6an berriz ere epaiketa izango dute zigor arloko epaitegian. Iturri berak dioenez, artzapezpikutzako ordezkariak auzitegira bertaratu dira salaketa kentzera, izan ere, Poliziak salaketa jartzeko "presionatu" zituela adierazi dute. Fiskaltzak, ordea, bere horretan mantendu du zigorra.