Urtea hasi eta bost egunera itxitzat eman zuen Aralarrek ezker abertzalea Nafarroa Bain sartzeko eztabaida. Ezetzaren arrazoiak ez argitu izana leporatu zion Aralarri ezker abertzaleak orduan, eta koalizioarekin hauteskundeetarako akordioa lortzen saiatzeko beste saio bat eskatu du orain. «Ez dugu Nafarroan jokaleku berria eraiki dezaketenekin lehiatu nahi». Aurrez, filtrazio bidez heldu zen albistea Nafarroako egunkari batera, eta baieztatu egin du ezker abertzaleak bere asmoa prentsa ohar baten bidez: bilkura eskatu du NaBai osoarekin; koalizioa osatzen duten alderdi eta independente guztiekin.
Indarrak metatzeko deia egin du ezker abertzaleak ohar horrekin: «Ez genuke oinarrizko kontu bat ahaztu behar: eskuina da politikoki borrokatu behar duguna. UPN, PSN eta PP dira Nafarroako instituzio gorenetatik bota behar ditugunak». Eragile ezkertiar aurrerakoi eta abertzaleen arteko «ezberdintasunak» aitortuta ere, ikuspegi orokorra kontuan hartzeko eskatu du, eta zehaztu du aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko «akordio zabalak» behar direla. «Areagotu» egiten ditu horrek «arrakasta izateko aukerak». Horregatik, maiatzeko hauteskundeetarako aliantza elektoral hori gauzatzeko «beharrezko ahalegin guztiak» egiteko «prest» dagoela ere adierazi du. «Ezin dugu agian urte luzez berriro izango ez dugun aukera hau pasatzen utzi».
Erlojuaren kontra
Egungo egoera politikoa «historia hurbilean izan den erabakigarrienetarikoa» dela uste du ezker abertzaleak, eta Euskal Herria «fase berri baten» aurrean dagoela. Nafarroan «aldaketa politiko eta sozial sakona» eragin dezake horrek, haien ustez. Baina, hain zuzen ere, hori da alderdi eskuindar eta espainiarrei interesatzen ez zaiena, eta ezkerrekoak eta abertzaleak diren eragileen zatiketa eragin nahi dute horregatik, ezker abertzalearen iritziz. Hala «harresi» bat eraiki nahian ikusten ditu, jokaleku berri bat eraikitzeko saioen aurka. Aldaketa horrek «mozkin politikoak eta ekonomikoak eragiteko ezarri duten sistema» arriskuan jartzen duelako.
NaBai osatzen duten alderdi eta independenteekin hauteskundeetarako akordioa lortzeko erlojuaren kontra ari da, ordea, ezker abertzalea. Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako koordinatzaileak ostegunean azaldu zuenez, bederatzi egun barru aurkeztu nahi du Nafarroa Baik bere hauteskundeetarako proposamena. Orduan aurkeztuko dizkiote gizarteari koalizioaren asmoak. «Argazki horretan ikusiko da benetan nortzuk gauden, eta hor agertzen garenok iritsiko gara maiatzera».
Jimenezen hitzetan, koalizioa «okertzeko edo hausteko» saioa izan da ezker abertzalearena orain arte, eta horregatik eman zuen bukatutzat hura NaBain sartzeari buruzko eztabaida. Proiektuan sinesten zutenen «autodefentsarako zilegizko erreakzio» gisa definitu zuen ezetza.
Hiru ziren Aralarrek ezker abertzalearekin batzeari uko egiteko aipatzen zituen zalantza puntuak. Nafarren erabaki ahalmenari buruzkoa, lehena; ETAk atzera egin ezean egin beharrekoari buruzkoa, bigarrena; eta ezker abertzaleak legez kanpo jarraituz gero koalizioaren barruan hartuko lukeen jarrera, hirugarrena. Jimenezek zehaztutakoaren arabera, NaBai hauteskundeetara aurkeztu ezinean egoteko arriskurik ez hartzeko baldintza jarri zuten.
Hiru puntu horiek argitzeko eskaria egin zion Aralarrek ezker abertzaleari, baina, Jimenezen hitzetan, haien eskariak ez zuenerantzunik jaso. Pentsatzekoa da, beraz, hiru puntu horiek izango direla ezker abertzaleak Nafarroa Bai osoarekin eskaturiko bilkurako agendan izango diren gai nagusietariko batzuk.
Horretarako, koalizioko kideek bilkura hori egitea onartzen duten eta noiz egingo duten zehaztu beharko dute, ordea, lehenik.
NaBai osoarekin bildu nahi du ezker abertzaleak
Akordio zabal bat lortzeko «ahalegin guztiak egiteko prest» dagoela dio ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu