NaBaik Euskararen Legea berritzeko proposamena aurkeztuko du

Zonifikazioaren ondorioz egungo legeak hizkuntz eskubideak urratzen dituela salatu du NaBaik

Ezker abertzaleko kideek atzo egindako agerraldia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Euskararen Legea sortu zenetik, duela 24 urtetik, gaur egun arte Nafarroan «euskaldun gehiago» daudela esan du NaBaik. Aldiz, legea bera izaten jarraitzen duela salatu du. Euskararen Legea berritzeko proposamen du Nafarroako Legebiltzarrean. Lege proposamen horrek gizartearen beharrei erantzungo diela adierazi du, eta horren xedea Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea izango dela.

«Euskararen egoera soziala aldatu bada, nolatan eutsi dakioke egoera horri erantzuten ez dion lege bati?», galdetu du Maria Luisa Mangado parlamentariak. Gaur egun, euskararen aldeko gizarte mugimenduei esker, euskararen egoera «asko» aldatu dela adierazi du. «1986an onartu zen legea, aldiz, ez da aldatu». Nafarroa osoan euskaldun gehiago daude, baina legeak onartzen duen zonifikazioak «hizkuntza eskubideak urratzen» ditu, Mangadoren esanetan. Beraz, NaBaik aurkeztuko duen lege proposamenak euskara eta gaztelania parekatuko ditu, «herritar guztien berdintasuna eta eskubideak babesteko», eta Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea aitortuko du.

Euskararen lege berriak izan beharko lituzkeen ezaugarriak azaldu ditu Nekane Perez parlamentariak: «Zonifikazioak ekarri dituen eskubide urratzeak amaitzeko, lege berriak berdintzailea izan behar du. Hala, gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea berdinak izango litzateke». Ofizialtasunari lotutako neurriak «progresiboki eta egoera soziolinguistikoari» erreparatuta aplikatuko liratekeela gaineratu du.

Halaber, Europako Hizkuntza Gutxituen Itunean jasotako balioiekin bat egin behar duela nabarmendu Perezek, eta Euskararen Gizarte ErakundeenKontseiluaren gomendioak errespetatu eta kontuan hartu.

Hezkuntza ardatz

Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztuko duten lege proposamenean, euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta administrazioaren betebeharrak zehaztu ditu alderdiak. Lehenengo tituluan ofizialtasunari buruz hitz egiten da, eta bigarrenean, hezkuntzari eta hedabideen sustapenari buruz.

Helduen alfabetatzeari ere garrantzia ematen dio NaBaik; eta, bukatzeko, Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiako arauak jarraitzeko betebeharra duela zehaztu da, besteen artean, lege proposamenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.