Politika

NaBaik PSNri eskatu dio idatziz esateko aldaketaren alde dagoela

Koalizio abertzaleak astelehena arteko epea eman dio erantzuteko; bestela, "PSNk adierazi izanen du aldaketaren aldeko bere jarrerak ez duela zuhurtasunik". IUk ere hurrengo asteko epea jarri du. Purasek esan du sozialistek aldaketaren alde segitzen dutela, nahiz eta atzo Parlamentuko presidentea hautatzean UPNren eta CDNren botoak jaso zituzten.

2007ko ekainaren 21a
14:21
Entzun
Nafarroa Baik ultimatuma eman dio PSNri: eskatu dio astelehena baino lehen idatziz esateko ez duela UPNrekin Gobernua osatuko eta "aldaketa politikoaren" alde egingo duela. Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen lehendakarigaiak jakinarazi du eskaera gaur. "PSNk ez badu idatzitako eta ageriko erantzunik ematen, adierazi izanen du aldaketaren aldeko bere jarrerak ez duela zuhurtasunik, eta ez dela erantzukizunekoa gizarteari helaraztea aldaketarako lanean ari denik", esan du Zabaletak, Nafarroa Bairen izenean.

PSNk Nafarroako Parlamentuko Presidentetza lortzeko UPNren eta CDNren botoak jaso izanak tentsioa areagotu egin du, sozialistak ez direlako ados jarri Nafarroa Bai koalizio abertzalearekin (Aralar, EA, Batzarre, EAJ).

Parlamentuko Mahaia osatuta dela, orain Gobernua osatzea tokatzen da, eta Zabaletak gaur garbi esan du NaBaik ez liokeela PSNri babesik emango kanpotik; beharrezkoa dela akordioa. UPNk 22 eserleku lortu zituen, CDN 2; NaBaik 12, PSNk ere 12 eta IUk 2. EAE-ANV baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek.

IUk ere hurrengo asteko epea jarri du NaBai, PSN eta hiruren artean "ezkerreko Gobernua" lortzeko akordiora iristeko, gaur Gaspar Llamazares Espainiako IUren koordinatzaile nagusiak esan duenez.

Nahiz eta atzo Nafarroako Parlamentuko Mahaia aukeratzean gertatu zena getatu, Fernando Puras PSNren lehendakarigaiak gaur adierazi du "aldaketaren" alde segitzen dutela sozialistek. "Nafarroaren aldaketa politikorako alternatiba sortu nahi dugu", adierazi du. Dena den, haren ustez, UPNrekin bat eginda ere posible da "aldaketa" gauzatzea.

PSOEren presiorik ez dutela jaso esan du Purasek, baina gaur jakin da Jose Blanco PSOEren Antolakuntza idazkariak bilera egin berri duela Miguel Sanz UPNren lehendakarigaiarekin eta Jaime Ignacio del Burgo UPNren zuzendaritzakidearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.