NaBairen erabakiak %80k hartuko dituztela itundu dute EAJ eta Aralarrek

Akordioaren arabera, beste alderdiren batek sartu nahi badu, «ezingo die betorik jarri egungo kideei»

joxerra senar
Iruñea
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Ezker abertzalea ez dago, eta haren zain ere ez gaude». Ezker abertzalea inoiz NaBaiko kide izateko hipotesia ukatu zuen irmo Jose Angel Agirrebengoak Napar Buru Batzarreko presidenteak atzo Iruñean. EAJk eta Aralarrek ofizial egin dute bi alderdien arteko hurrengo legealdirako koalizioari buruzko akordioa, eta horrek ziurtatzen du hurrengo foru eta udal hauteskundeetara jeltzaleak NaBaiko zerrenden barruan aurkeztuko direla. «Udan nabaritu dugu ziurgabetasunez betetako egoera politiko berria osatzen ari zela, eta ezker abertzale ofizialaren aldetik esku-hartze zital bat egon dela. Ikusten genuen NaBai sendotuko zuen akordio bat beharrezkoa zela».

Hala arrazoitu du EAJk akordio hori. Akordioaren arabera, batetik, koalizioaren batzorde politikoan ponderatutako botoen %80ren adostasuna beharko da, eta horrek esan nahi du lau alderditatik hiru ezinbestekoak direla erabakiak hartzeko. Bigarrenik, beste edozein alderdik koalizioan sartu nahi badu, printzipio politikoak eta programatikoak onartzeaz gain, «inondik ere ezingo die egungo koaliziokideei betorik jarri». Hirugarrenik, koaliziokideren batek ezin badu oinarri politiko eta programatikoren bat onartu, publikoki ezadostasun adieraz dezake, baina NaBairen ikuspuntu ofiziala bete beharko du. Azkenik, afiliatuta ez dauden independenteetako bi kidek batzorde politikoan parte hartzeko aukera izango dute, baina soilik iritzia emateko.

Aralarren iritziz, egungo Nafarroako egoera politikoa «ezohikoa eta ezegonkorra» da, eta NaBai «ekaitzaren begian» dago. «Inoiz ez dute euren artean hain kontraesankorrak diren hainbeste eragile politikok ikuspuntua NaBairen gain jarri. Mundu guztiak koalizioa ahuldu eta hari kalte egin nahi dio». Akordio horrekin koalizioak «bere espiritu irekiari» eusten diola uste du, baina ezker abertzaleari mezua igorri dio: «Orain arteko bide guztia egin eta gero, ez dugu utziko sartu nahi duen edonork esatea guri zer dagoen ondo eta zer ez, edo nor dagoen sobran eta nor ez».

Akordioaren beste puntu garrantzitsua da batzorde politikoan %80ko gehiengo kualifikatu bat beharko dela erabakiak hartzeko. Gaur egun, batzorde iraunkorrean alderdi bakoitzak eta independenteek boto bana dute eta erabateko adostasuna behar da. Apirilaren 30ean EAren eta Aralarren arteko akordioak egungo sistema hori eraldatu zuen, eta horren gainean hitzartu du EAJrekin Aralarrek.

Jimenezen arabera, «erabat demokratikoa» da sistema hori, gutxienez lau alderditik hiruren adostasuna beharko delako erabakiak hartzeko. Era berean, paritatea kritikatu du: «Norberak ordezkatzen duena ez aitortzea da paritatea. Denok berdinak izan gaitezen, ordezkaritza handiena dutenek eman dezatela eskatzea da paritatea».

Batzarre, «oso urrun»

Asteburuan Batzarrek proposatu zuen, besteak beste, paritate sistemari eustea, koalizioaren aniztasuna ez dela errespetatzen argudiatuta. Txentxo Jimenezen arabera, Batzarrerekiko ezadostasun nagusia ez datza barne antolamenduan, oinarri politiko eta programatikoetan baizik. «Zilegi bada ere, Batzarrek koaliziotik aldentzen duen bilakaera ideologikoa izan du. Gaur egun, NaBaitik oso urrun dago».

Agirrebengoak, berriz, Batzarrerekin oinarrietan «desadostasun handiak» daudela aitortu arren, zuhur jokatu nahi izan du. Aitortu du ordezkaritzen eztabaida hori itxi gabe gelditu zela 2007an, baina azpimarratu du jeltzaleentzat garrantzitsuena akordioa lortzea dela, eztabaida «miserableetan» sartu gabe.



Ezker abertzaleak dio bozek ez luketela traba izan behar ziklo politiko berrirako

Akordioaren berri eman eta gutxira, ezker abertzaleak ohar bat igorri zuen, eta salatu zuen hauteskunde arloko hitzarmen horrek «oinarri argi bat» duela: «Aldaketa politiko eta sozialaren alde dauden beste eragile batzuekin lehiatzea». Ezker abertzalearen ustez, «abiapuntuko akatsa» da eskuinaren proiektuari aurre egin ahal izateko esparru abertzale eta ezkertiar osoa bateratzeko dagoen borondate falta. Ezker abertzaleak azpimarratu du ez dutela NaBairen «arerio politiko» bihurtu nahi. Berretsi du aldaketa politikoaren bidean indarrak bateratzeko «ateak irekita» daudela, eta dei egin die bi alderdi horiei geldiezina izango den benetako alternatiba bat sortzera: «2011ko hauteskundeek ez lukete traba izan behar Nafarroan eta Euskal Herri osoan ziklo politiko berri bat irekitzeko, pizgarri bat baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.