NaBairen izena erabiltzeko zilegitasunik ez dutela dio EAk

Amezketaren ustez, Aralar «jokoz kanpo» dago, eta gerora bere indarra azaltzeko, NaBai kontrolatu nahi du

Koldo Amezketa, Maiorga Ramirez eta Eva Aranguren, atzo, Iruñeko egoitzan. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
«Une txarrean gaude orain, NaBaitik irten garelako, baina horrek erakusten du norabide onean goazela». Koldo Amezketa EAko presidente ohiak atzo nabarmendu zuen luzerako apustu egokia egin dutela, eta Aralarrek eta EAJk euren interesak lehenetsi dituztela, epe motzera. Maiorga Ramirez EAko Nafarroako koordinatzaileak Aralarri eta EAJri «arduragabekeriaz» jokatzea egotzi die, Nafarroan abertzaleen arteko elkarlana «zapuztu» nahi izan dutelako. Behin Batzarre eta EA koaliziotik kaleratuta, Ramirezek esan du Aralarrek eta EAJk ez dutela «zilegitasun politikorik, etikorik eta legalik» hauteskundeetan koalizioaren izena erabiltzeko.

Azken bi asteetan, baldintza batzuk betez gero koalizioan sartzeko aukera irekita utzi dute, baina EA ez zegoen prest ezker abertzalearekin lortutako akordioetan Nafarroari dagozkion konpromisoak bertan behera uzteko. Blokeoa asteburuan amaitu zen, NaBaik parlamenturako hautagaiak aurkeztuta: EA kanpoan zegoen.

Ramirezek esan du EAk ahalegin guztia egin duela koalizioan egoteko. Hori frogatzeko, iazko apirilaren 16an Aralarrekin izenpetutako akordio baten berri eman du. Garai hartan, koalizioan barne krisi bat zegoen: «Lehenak izan ginen akordioa izenpetzen, Aralarrekin, zeina hauteskundeetan bakarrik aurkeztea proposatzen ari zen». Dokumentu horretan, bi alderdiek adierazi zuten NaBaiko orduko beste kideekin ados jartzeko ahalegina egingo zutela baina edukiak aldatzen baziren Aralar eta EA ados jarri behar zirela. «Aralarrek ez du bete kontratu hori, eta azaldu egin beharko du zergatik».

Era berean, joan den urtarrilaren 27an, NaBairen aurkezpen ofizialaren bezperan, EAk proposamen bat igorri zien hango kideei. Bertan,EAk berretsi zuen NaBai zela bere «hauteskunde apustua» eta adierazi zuen ezker abertzalearekin dituen akordioek ez dutela eragingo NaBairen arlo instituzionalean. Gainera, konpromisoa agertu zuen Nafarroan ez zuela beste alderdiren batekin ekintza edo adierazpenik egingo «maiatzeko hauteskunde prozesua amaitu arte».

Horregatik, Ramirezen aburuz,«inkongruenteak» dira EAJk eta Aralarrek azaldutako argudioak, ez dela bateragarri NaBairen aldeko apustua egitea eta ezker abertzalearekin akordioak egitea: «Dena den, Aralarrek batzeko eskaintza egin dio ezker abertzaleari, eta EAJk ez du ezer esan. Aralarri, berriz, ez zaizkio kontrajarriak iruditzen EAJk Madrilen Rubalcabaren alderdiaren egindako akordioak».

Cabasesek alderdia utzi du

Behin EA NaBaitik kaleratuta, Iñaki Cabases Iruñeko zinegotziak alderdia utzi du. Ramirezen aburuz, kasu bakarra da, «araua baieztatzen duen salbuespena». Nabarmendu du militante gehienak «leialtasunez» jokatzen ari direla. Amezketak gaineratu du Cabasesen erabakia errespetatu behar dela, eta norberaren esku utzi du «politikoki koherentea den edo ez» ebaztea. Amezketak dio EAk azken urteetan indarra koalizioan jarri duela eta orain alderdi barruan jarri behar dutela.

Amezketaren arabera, egoera ulertzeko, testuinguru osoa ulertu behar da. Haren ustez, ETAren amaierak eremu abertzalea birmoldatuko du. «Euskal Herria bigarren trantsizioaren aurrean dago, eta eraginak hurrengo bizpahiru urteetan ikusiko dira». Hala, alderdi batzuk abertzaleak biltzeko luzerako apustua egiten ari dira, eta beste batzuek bere interesen araberako epe motzeko apustua egin dute.

Amezketak irudipena du Aralar «jokoz kanpo» hartu duela egungo jokalekuak, abuztuaren 31n bilera batean adierazi zielako EAEn bakarrik aurkeztea lehenesten zuela. Haren ustez, azken gertakariak ikusirik, Nafarroa Bai kontrolatu nahi izan du eta lortu du. «EAJ Nafarroan garrantzi txikiko eragilea da eta nahi duenean gainetik kenduko du. Are esfortzu txikiagoz kenduko ditu gainetik independenteak. Nazio mailan hitz egitea egokitzen denean, NaBairen ahalmena jarriko du mahai gainean, gainontzeko lurraldeetan izan ditzakeen emaitza txarrak konpentsatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.