Jada ofiziala da. Eusko Alkartasuna Nafarroa Baitik kanpo dago. Asteburuan koalizioak Parlamenturako zerrendak aurkeztu zituen, eta han ez zen EAko hautagairik ageri, urtarrilaren 28ko NaBairen inguruko akordioa artean sinatu gabe zegoelako —ezker abertzalearekin egindako akordio estrategikoetan Nafarroari dagozkion konpromisoak bertan behera uzteko eskatzen zitzaion bertan, besteak beste—. Hori ikusita, Nafarroako EAren lurralde batzordea bildu zen atzo 19:30ean eta «erabat» gaitzetsi zuen Aralarrek eta EAJk koaliziotik kanporatu izana. «Kanporatzea gure borondatearen aurka egin da, eta EAJk eta Aralarrek EAEn dituzten hauteskunde interesei erantzuten die». Hala, «berehala» hauteskundeetan eskaintza ziurtatzeko lanari ekin diote.
Nafarroako EAk kaleratutako agiriaren tonua oso kritikoa da egungo koalizioaren partaideekin, baina bereziki Aralarrekin. EAren ikuspuntutik, aurreko asteburuan Nafarroa Bairekiko Aralarrek duen estrategia «bistan» geratu da, eta 2003an koaliziokide guztien artean sortutako proiektua Aralarrek «zilegitasunik gabe» bereganatu duela deritzo. «Iruzur egin digutela sentitzen dugu. Aralarrek EA NaBaitik kaleratu du, gure alderdiak ezker abertzalearekin akordioak dituela argudiatuta, baina aldi berean, ezker abertzalea berriz sortzeko deia egin du. Ez dago logikarik zentzugabekeria hori ulertzeko».
Patxi Zabaletak igandean argitaratutako elkarrizketa batean adierazitakoari aipamena eginez, EAk erantzun du Aralarreko koordinatzaileak «lotsa gabe» gezurra esaten duela Batzarre eta EA gabeko NaBai «2007koa baino indartsuago» izango dela dioenean. «Gure oinarriak gutxietsi ditu eta nafarren adimenari irain egin dio. Ezein proiektu politikok ez du irabazten kideak kaleratuta». EAk salatu du mugimendu horrekin Aralarrek bere onura bilatu duela eta NaBairen proiektua bere intereserako erabili duela. EAk gaineratu du hala EAJk nola Aralarrek Nafarroa Bairen hasierako espiritua «iraindu» egin dutela. «Hasierako printzipioei uko egin diete, hala nola zabaltzeko espirituari, aniztasunari etadesberdinekiko errespetuari».
Independenteei mezua
Era berean, mezu argia igorri dio independente taldeari. Aralarren eta EAJren estrategia babestu duten independente batzuekin «atsekabe handia» hartu du EAk. «Beti gogoan hartu ditugu elkarrizketarako eta parte hartzeko haien eskaerak eta, beste alderdi batzuek ez bezala,dagokien errespetua aitortu diegu».
EAk Nafarroako gizarteari azpimarratu nahi izan dio «esfortzu guztiak» egin dituztela Nafarroa Bairen barne egoera konpontzeko, eta koalizioaren aldeko konpromisoa eta leialtasuna erabatekoa izan dela esan dute. Gogoan hartu dute koalizioaren alde EAren batzarrak egindako apustu argiari ez diotela beste bazkideek erantzun. «Erantzunik ezak ageria uzten du EAJk eta Aralarrek ez zutela EAk NaBain jarraitzeanahi».
Behin kanporatzea gauzatuta, EAk jakinarazi du «makineria guztia» martxan jarriko duela foru eta udal hauteskundeetan eskaintza ziurtatzeko. Proiektu horrek NaBairen hasierako espiritu hura berreskuratzea izango du helburu. «Bazterkeriarik gabe eta aniztasuna errespetatuz» sektore abertzale, aurrerakoi eta ezkerrekoen batasuna bilatuko dutela zin egin dute.
NaBaitik egotzi dutela salatuta, beste eskaintza bat lantzeari ekin dio EAk
Kanporatzea «EAEn Aralarrek eta EAJk dituzten interesen» ondorio dela argudiatu du Eusko Alkartasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu