Nafarroako Gobernuaren egungo politika ekonomikoak ondorio larriak dituela dio Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak. Eta okerragoak izango dira etorkizunean. Datuz osatu du salaketa: «Orain arte bezala jarraituz gero, hilabetean etxean inolako diru sarrerarik izango ez duten 15.000 familia egongo dira irailean Nafarroan». Barrenaren ustez, «koldarkeriaz» eta Espainiako gobernuarekiko «mirabekeriaz» jokatu du Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak. «Gureak ez diren interesak hobekien defendatu dituen lehendakari gisa gogoratuko du historiak, eta Nafarroako herritarren eskubide ekonomiko eta sozialen alde ahaleginik txikiena egin duen presidente gisa».
Bakoitzaren defizita zehazteko aste honetan autonomia erkidegoetako ordezkariek Madrilgo gobernuarekin izandako bilera izan du gogoan Barrenak. Uko egin zioten bilera hartan parte hartzeari kataluniarrek, adibidez, eta mahaitik alde egin zuten andaluziarrek. Ezker abertzaleko kidearen ustez, PPren politika ekonomikoaren aurrean jarrera «duina» azaldu zuten ordezkari horiek, baina ez zen hori izan Barcinaren kasua. Kontrakoa. «Umiliatu egin zen, eta nafar guztiok umiliatu gintuen».
Sektore publikoa ahuldu eta enpresa pribatuak bultzatzea da Barcinaren asmoa, ezker abertzalearen ustez. Eta Madrili ezezkoa eman beharrean, desbideratu egiten du eztabaida horregatik. Orain dela aste batzuk Nafarroako Parlamentuan ordezkari gehiegi zegoela esan zuela gogorarazi du, adibidez, Barrenak. «Baina ez daude ordezkariak sobera, gobernuko kideen gehiegikeriak baizik. Gehienek 50.000 euro baino gehiago jasotzen dituzte urtean, eta Barcinak%30 igo du bere soldata ».
Egoera aldatzeko, aurrez aurreko neurri multzo bat proposatu du ezker abertzaleak. Bi puntu aipatu ditu Barrenak. Bat: lehenbailehen gelditu behar diraAHTaren eta Nafarroako ubidearen bigarren faseko lanak, eta gizarte laguntzetarako erabili diru hori. Bi: zerga sistema gaurkotu behar da. Sistema progresiboago bat sortu behar litzateke ezker abertzalearen ustez, baita aberats handientzako zerga berezi bat sortu eta egungo elkarteen gaineko zergak doitu ere.
Autodeterminazio premiaz
Gero eta agerikoagoa da autodeterminazio eskubidearen premia, ezker abertzaleko kideen hitzetan. Barrenak azaldutakoaren arabera, orain ez da abertzaleen aldarrikapena soilik: «Behar politiko eta ekonomiko bat da». Gaur egun, UPN gutxiengoan dago gobernuan, eta horregatik hauteskundeak aurreratzeko deia ere egin dio Nafarroako gobernuburuari, «nafarrek beste eredu politiko eta sozial baten aldeko gehiengo politiko bat osa ahal izan dezaten».
Nafarren eskubide sozialen kontra aritzea egotzi dio Barrenak Barcinari
AHTari eta Nafarroako ubideari emandako dirua gizarte gastuetara bideratzeko proposatu du ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu