Nafarren parte hartzea bermatuko duen eztabaida ireki bati heltzeko eskatu dute

Bilduk eta NaBaik diote Foru Hobekuntzaren 30. urteurrenarekin «ospatzeko ezer» ez dagoela eta «errotik» aldatu behar delaBarcinak adierazi du Foru Hobekuntzak ez duela inongo gabezia demokratikorik

Bakartxo Ruiz, atzo, parlamentuan, eta atzean UPNko eserlekuak. Ruizek eta Patxi Zabaletak euskara hutsean hitz egin zuten. LANDER FDZ. ARROIABE / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«UPNko fundatzaileak zioen bezala, forua ukiezina da». Carlos Garcia Adanero UPNko eledunak argi eta garbi utzi nahi izan zien alderdi abertzaleei Nafarroako egungo estatus politikoa ezin dela ukitu. Foru Hobekuntza lege organikoaren 30. urteurrenaren harira, atzo Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura berezia egin zuten. NaBaik eta Bilduk «ospatzeko ezer ez» dutela aldarrikatu zuten ozen, eta batak zein besteak proposatu zuten garaia iritsi dela herritarren parte hartzea ziurtatuko duen eztabaida bati heltzeko. «Zeri diozue beldurra?», galdetu zien Bakartxo Ruiz Bilduko eledunak UPN, PP eta PSNri. Hain justu, PSNko Juan Jose Lizarbek azaldu zuen garai politiko berri bat ireki dela eta «elkarbizitza erabatekoa lortzeko» adimenez jokatu beharko dela.

Hamar minutu inguruz hitz egin zuten alderdi bakoitzeko eledunek, eta azkena Yolanda Barcina Nafarroako lehendakaria izan zen. Eztabaidarik ez zen egon, baina Foru Hobekuntzaren gaineko alderdien posizio politikoak berresteko balio izan zuen osoko bilkurak. Gonbidatuen harmailetan Nafarroako erakunde ofizialetako ordezkariak izan ziren: Miguel Sanz, Juan Cruz Alli eta Jaime Ignacio del Burgo presidente ohiak; Julio Lafuente NUPeko errektorea; Javier Eneriz arartekoa; Enrique Maia Iruñeko alkatea, Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan...

Diskurtsoak adi entzun zituen Foru Hobekuntzaren arkitekto politikoak: Jaime Ignacio del Burgok. Batetik, eskubide historikoak Konstituziora egokitzeko lehen xedapen gehigarriaren bultzatzailea izan zen. Haren gainean altxatu zen Foru Hobekuntzaren diseinu juridikoa, eta, hala, izkin egin zitzaion Nafarroa beste euskal lurraldeekin bat egiteko aukerari—laugarren xedapen iragankorraren bidea—. Negoziazio garaian, ordezkari abertzaleak baztertu egin zituzten; aldiz, Del Burgo mahaiaren bi aldeetan egon zen —lehen unean, Nafarroako exekutiboarenean, eta, gero, UCDko agintari zenez, Espainiako Gobernuarenean—. Bi gobernuek hitzartutako testua berretsi besterik ez zuen egin parlamentuak 1982ko martxoaren 15ean. Gerora, Espainiako Gorteek bozkatu zuten. Ez zen herri galdeketarik egin. Nafarroa izan zen salbuespen bakarra.

Barcina: «Garaileetako bat»

Geroztik, 30 urte iragan dira, eta lege organiko horren aldeko laudorioak baino ez ziren entzun atzo Yolanda Barcinaren ahotik. Nafarroako lehendakariaren ikuspuntutik, Foru Hobekuntzak ez du gabezia demokratikorik. «Paradoxikoa da Nafarroak bere autogobernua galdu eta erakunde mitifikatu baten zati txikia izatea helburu dutenek kritika hori egitea. Beste behin ozen esan beharko dugu Nafarroako herritarren adierazpide argiena dela».

Barcinak nabarmendu nahi izan du «ETAren amaiera gertu den honetan» Foru Hobekuntza izan dela «garaileetako bat». Beste behin, ETA eta euskal abertzaletasuna zaku berean sartzen ahalegindu da, zeharka: «ETAri eta sostengatu duten guztiei ez zaie inoiz atsegin gaur ospatzen dugun ekitaldi hau». Barcinaren irudiko, Foru Hobekuntza «ez da sakratua eta aldaezina», baina, era berean, inork ezingo du Nafarroaren etorkizuna «herritarren bizkar» erabaki. «Borondate hori erakunde ofizialetan dago islatuta, eta inork ezingo du ordezkatu».

Patxi Zabaleta NaBaiko eledunak, euskara hutsezko hitzaldian, azaldu du lege organiko hori berez «estatutu txar bat» dela, «Auzitegi Konstituzionalak behin eta berriz bere ebazpen ugarietan gogorarazten duen bezala». Horregatik, Zabaletak gogor salatu du nafarrek inoiz bozkatu ez izana. Haren ustez, legeak, gizartearen bitarteko diren heinean, ez dira ospatzen; aitzitik, berraztertu eta gaurkotu behar direla iritzi dio: «Foru Hobekuntza erro-errotik aldatu behar da. Salbuespenezko egoeran sortu zen, salbuespenezko ikuspuntutik gauzatu zen, eta bazterketa politikorako asmatu eta erabili da». Bazterketak gaur ere irauten duela ohartarazi du. «Horretarako, indarkeria erabili da aitzakiatzat».

Bakea «ate-joka» den honetan, elkarrizketa politikoa aldarrikatu du: «Foru Hobekuntzak gaur egungo egoera berrira egokitu beharra dauka. Nafarroak partaide izan behar du gatazkaren aterabidean, indarkeria guztiak eragindako biktimak berdintasunean aitortuz eta salbuespenik gabeko elkarrizketa garatuz».

Bakartxo Ruizek ere diskurtso osoa euskaraz egin du. Haren irudiko, Foru Hobekuntza «iruzur bat da», itunaren bidez Nafarroak erabakitzeko eskubide duela sinetsarazi nahi delako. «Autogobernua defenditzen duzuenean, Espainiari men egiten jarraitzea defenditzen duzue. Zuek defenditzen dituzuen interesak ez dira Nafarroakoak, Espainiakoak baizik». Ruizen ustez, errealitatea «demokratikoki» aintzat hartzeko garaia iritsi da, eta, bide horretan, «Nafarroa ulertzeko modu ezberdinak» aintzat hartzea aldarrikatu du: «Utz itzazue alde batera beldurrak. Hitz egin gutxiago nafarrok zuzenean erabaki ez dugunaz, eta eman, behingoz, hitza nafarroi!».

Juan Jose Lizarbek, zeharka, esan zuen garai berriotan elkarrizketari heldu behar zaiola. Lehenik, ETA desegin beharko dela eta biktimak aitortu behar direla. «Garai berri bat ireki da elkarbizitza erabatekoa lortu ahal izateko, eta gure ikuspuntuen irmotasunetik egoerak eskatzen duen mailan aurre egin beharko diogu garai berri honi, adimen politikoa eta zentzua erabiliz».

PPko Ana Beltranen ustez, «onartezina da» Foru Hobekuntzaren zilegitasuna zalantzan jarri nahi izatea. Haren ustez, «nafar harrotasuna eta bokazio espainiarra du» Foru Hobekuntzak.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, Foru Hobekuntza berritu egin behar da, eta herritarrek berretsi egin beharko lukete erreferendum bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.