PSNk Yolanda Barcinari (UPN) Iruñeko Alkatetza hartzen ahalbidetuko dio larunbat honetan, atzo gaueko bileran erabaki zuenez, ez duelako nahi bozketan EAE-ANVren botoekin bat egiterik Uxue Barkos (Nafarroa Bai) alkate jartzean, eta PSNren erabaki horretan PPk izandako jokabidea, Nafarroa Bai koalizioaren ustez, "sabotaje politikoa" da eta "nafarrekiko errespetu falta", gaur Iruñean eman duen prentsaurrekoan adierazi zuenez. Koalizioko alderdi denetako ordezkariak egon dira agerraldian (Aralar, EA, Batzarre eta EAJ), baita Patxi Zabaleta Nafarroako Legebiltzarrerako lehendakarigaia eta Barkos bera ere.
Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako Gobernuaren presidenteak eta Mariano Raxoi PPren presidenteak atzo Madrilen egin zuten bilerarekin lotu du PSNren erabakia Nafarroa Baik, "presioak izan dituztelako". Hala ere, "ustekabea ez" dela izan esan dute.
Nahiz eta Iruñeko Udalerako akordiorik ez duten lortuko koalizio abertzaleak eta PSNk, horrek, "Nafarroan aldaketa politikoa lortzeko", Gobernua osatzeko negoziaketei ez diela eragin behar uste du Nafarroa Baik.
PSNk larunbatean Barkosen alde egingo ez duen arren, honek udalbatzarrean hautagaitza aurkeztuko duela iragarri. "Ahal den herririk gehienetan akordioak lortzeko lanean jarraituko dugu, ardura politikoaren jokatuz".
Marine Pueyo Iruñeko EAE-ANVren zerrendaburuak arratsaldean esan duenez, PSNk "iruzurra" egin dio Nafarroa Bairi, eta alderdi honi galdetu dio ea zer egin behar duen orain. Larunbat eguerdirako Iruñeko udaletxe plazarako elkarretaratzea deitu du EAE-ANVk, Aldaketa bai, iruzurra ez lelopean.
Erraztiren ustez, "Zapaterok nahastu egiten ditu indarkeria eta normalizazio politikoa"
Begoña Errazti EAren lehendakariari ez zaio iruditzen Zapatero-Raxoi bilerak zerikusirik izan duenik PSNren atzo gaueko erabakian, "ETAren su-etenaren apurketak baizik". Hala, Erraztiren ustez, "Zapaterok nahastu egiten ditu indarkeria eta normalizazio politikoa". Barkosek Alkatetza lortzea baztertutzat jo du Erraztik, Euskadi Irratiko elkarrizketan esan duenez.
M-27. Hauteskundeen ondorena. Nafarroa
Nafarroa Baik dio "sabotaje politikoa" dagoela PSNren erabakian
Sozialistek larunbatean kargu-hartzean ez dituzte EAE-ANVren botoak onartuko eta Barcina izango da Iruñeko alkatea. Nafarroa Bairen ustez, "nafarrekiko errespetu falta" ere bada PSNren jarrera hori, eta Nafarroako Gobernua osatzeko negoziaketei ez diela eragin behar uste du. EAE-ANVk uste du PSNk "iruzurra" egin diola Nafarroa Bairi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu