José Antonio Urbiola (EAJ), Koldo Amezketa (EA), Patxi Zabaleta (Aralar) eta Joseba Ezeolaza (Batzarre) izan dira gaur Iruñean egin den aurkezpen ekitaldian. Carlos Garaikoetxea EAren sortzailea eta Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ohia ere bertan izan da.
Akordioa lortu duten alderdietako ordezkariek eta zerrenda doazen hautagaiek nabarmendu dutenez, Nafarroa Bai koalizioarekin "garai berri bat hasi da Nafarroako politikan, dudarik gabe demokratikoagoa izango dena eta aurreko garaian baino hobe islatuko duena Nafarroako politikagintzaren pluraltasuna eta elkarbizitza".
Hala, beste alderdi politiko eta eragile sozialei deia egin diete, "existitzen ez diren nafarrak badirela erakusteko eta ikustezin bihurtu nahi gaituztelako", adierazi du Jose Luis Mendoza Nafarroa Bai zerrendako Senaturako hautagaiak.
"Ez gara botoa emateko erreferente pasiboa. Ez dugu eskaintzen aurrez prestaturiko platerarik, baizik eta oraindik sukalde lanean ari gara eta gu bezala sentitzen duen orori egiten diogu bertan parte hartzeko gonbitea", gehitu du.
Batasuna koalizio horren parte izateko elkarrizketak Nafarroa Bai osatzen duten alderdiek erabaki behar dutela nabarmendu du, eta baldintza ETAren indarkeriaria gaitzestea dela gogoratu dute.
Hautagai independenteak
Uxue Barkos ETBko kazetaria eta Paula Kasares Hizkuntza eskubideen behatokiko zuzendari ohia dira Kogresurako zerrendako lehen bi hautagaiak eta Jose Luis Mendoza Euskara Kultur Elkargoko presidenteak, Pablo Lorente komertzialak eta Bixente Serrano Izko idazle eta irakasleak osatzen dute Senaturako hautagaitza.
Bost pertsona horietatik bik aurrekariak dituzte politikan. Pablo Lorente EPK-PCEko Nafarroako idazkaria izana da eta IU 1999. urtean utzi zuen. Bixente Serrano Izko berriz espetxean egon zen 1973 eta 1977. urteen artean eta Euskadiko Ezkerrako Nafarroako idazkari nagusia izan zen. Bestalde, Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikoko zuzendari nagusia izan zen 1989tik 1993ra.
Bost ordezkariek bat egin dute koalizioaren oinarrizko printzipioekin, "giza eskubideak, integrazioa eta elkarrizketa" eta helburuen artean "bakea, autodeterminazioa eta Nafarroa euskaldun eta aurrerakoia defendatzea" dagoela nabarmendu dute.
Halaber, independente moduan aurkezten direla azpimarratu dute, eta koalizioa osatzen duten indar politikoekiko leialak izango direla gogorarazi. "Gure asmoa Nafarroako eta Euskal Herriko norbanako eta erakunde abertzale eta aurrerakoiekin lan egitea da, eta baita Espainiako indar aurrerakoi eta nazioen eskubideen alde daudenekin ere", zehaztu dute. Euren nahia talde mistoko kide izatea dela adierazi dute.
"Ohore handia da"
Bost hautagaien izenean Uxue Barkosek nabarmendu duenez, "ohore handia da ordezkaririk ez duten eta entzunak ez diren milaka nafarren ilusioa gauzatzea". Hala, koalizio honek gainontzeko alderdiek duten "errespetu eta berdintasuna aukera berak" izatea nahiko luketela azpimarratu du Barkosek, "indar berri bat osatu baita eta horren helburua Nafarroako ahots guztiak Madrilen izatea delako".
Barkosen adierazi duenez, "ilusio handiarekin" hartu zuen Nafarroa Bai koalizioaren sorrera eta horregatik eman ziola baiezkoa. Nafarroak egun Espainiako Gorteetan duen ordezkaritza ikusita "badirudi Nafarroa kolore bakarreko gizartea dela, baina guk badakigu ez dela horrela".
Nafarroa bai
"Nafarroa euskaldun eta aurrerakoiaren ahotsa" eraman nahi du Madrilera zerrenda bateratuak
Gaur aurkeztu dute Iruñean Aralar, EA, EAJ eta Batzarrek babesten duten Nafarroa Bai kandidatura abertzalea. Hautagaitza horrek ez du baztertzen Madrilgo Kongresuan bi diputatu lortzea, "orain arte jaso dugun babesa kontuan hartzen badugu". Uxue Barkos ETBko kazetaria eta Paula Kasares Hizkuntza eskubideen behatokiko zuzendari ohia dira Kogresurako zerrendako lehen bi hautagaiak eta Jose Luis Mendoza Euskara Kultur Elkargoko presidenteak, Pablo Lorente komertzialak eta Bixente Serrano Izko idazle eta irakasleak osatzen dute Senaturako hautagaitza. "Nafarroa euskaldun eta aurrerakoiaren ahotsa" Madrilera eraman nahi dutela iragarri dute aurkezpen ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu