Ezker abertzaleak beste bi alderdi horiei zein beste eragile politikoei eta sozialei zuzendutako proposamenak dio akordioak ezkerreko «printzipio argietan» eta Gernikako akordioaren edukietan oinarrituta egon behar duela eta helburua dela Nafarroako aldaketaren indarrak bilduko dituen eskaintza bateratua egitea. «2011 izan behar du ibilbide instituzional eta sozial berri baten lehen urtea», dio.
Proposamen horren inguruan, Eusko Alkartasunako zuzendaritza nazionalak ohar bidez erantzun du indarrak biltzeko konpromisoa duela alderdiak, bai «Nafarroa Bai ireki eta plural baten bidez», bai Nafarroan «hain beharrezkoa» den aldaketa politikoaren alde lan eginez.
EAk arrazoitzen du tradizio desberdineko abertzaleen artean gogoeta bateratuak eta elkarguneak bilatzeko jarrerak beharrezkoak direla egungo testuinguru politikoan, eta, jarrera hori bidelagun izaki, «oinarri programatikoen eta politikoen inguruan akordioa lortzeko aukeren bila» jardun behar dela iritzi dio. «EAk ez du egun indarrean diren elkarlanik hautsi nahi. Giltzarria da zubiak eraikitzea, eta ez egun direnak suntsitzea», argitu du.
Ohar horretan, EAk, proiektu politiko guztiak garatu ahal izatek,o Alderdien Legea indargabetzea exijitu du. «Berresten dugu elkarrizketarako jarrera irekia dugula, eta, horretarako, irmo uste dugu aldaketarako beharrezko dela esfortzu guztiak batzea, bazterketarik gabe eta betorik gabe, modu horretan, oinarrien eta programaren inguruan ados jartzeko gai izan gaitezen».
NaBairen aldeko apustua
Aralarrek, berriz, ez du ofizialki erantzunik eman. Atzo Hegoaldeko zuzendaritza bildu zen, eta gaur Nafarroakoa bilduko da, eta, horrenbestez, bihartik aurrera emango dute erantzun ofizial bat. Dena den, atzo, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzordearen bileraren atarian, kazetarien galderei erantzun zien Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak. Argi utzi nahi izan du ezker abertzaleak eskaintza ez diola Nafarroa Bairi egin, hura osatzen duten alderdietako batzuei baizik, eta, ondorioz, uste du ez dagokiola koalizioari erantzutea.
Komunikabideen aurrean egindako adierazpen horietan Zabaletak berretsi du Nafarroa Bai dela Aralarren apustua. «Alderdiak irizpide nagusitzat dauka sinatzen dituen konpromiso eta akordio guztiak betetzea». Haren adierazpenen arabera, ezker abertzaleak tokia izan dezake koalizioaren barnean: «NaBai egitura irekia da, beti izan da, eta haren irizpideekin bat egiten duten indar politiko guztiak batu daitezke bertara», zehaztu du. Alabaina, Zabaletak argi utzi nahi izan du koalizioa dela Nafarroan «aldaketa politikoa ekarriko duen egitura politikoa», eta herritarren gehiengo batek ere hala ikusten dutela nabarmendu du. Gaineratu du Aralar «edozein indar politikoren ilegalizazioaren eta bazterketaren aurka» dagoela.
Nahiz eta ezker abertzaleak bere proposamenean EAJ aipatu ez, Josu Erkoreka Kongresuko eledun jeltzaleak gaia hizpide izan du Radio Euskadiri eskaini dion elkarrizketa batean. Proposamenak ez du «ez harritu, ez kezkatu». Izan ere, haren iritziz, ezker abertzaleak denbora zeraman tankera horretako proposamen baten aukera aipatuz. «Edozelan ere, ez dagokigu guri erantzutea. EAk eta Aralarrek azaldu beharko dute beren iritzia horri buruz». Erkoreka ez da kezkatuta azaldu, datozen hauteskundeetan Nafarroa Bai berriz aurkezteko akordioa «nahikoa lotuta» dagoelako eta ez duelako uste «horrelako gertaera batek egindako bidea zapuztu» egingo duenik. Hala ere, era berean, zuhurtzia erakutsi du diputatu jeltzaleak: «Ikusiko dugu zer gertatzen den».
«Zaila da uko egitea»
Info Zazpi irratiari emandako elkarrizketan, berriz, Jone Goirizelaiak zail ikusten du EAk eta Aralarrek bozetan elkarrekin aurkezteko ezker abertzalearen eskaintzari uko egitea. «Aukera itzela da, eta ez da alferrik galdu behar», adierazi du. «Hala egiten badute, azaldu egin beharko lukete, eta uste dut zaila dela proposamenari ezezkoa ematea». Jarraian, elkarrekin joateko aukera «Nafarroa Bai edo beste edozer gauza» izan daitekeela aipatu du Goirizelaiak. «Izena ez da garrantzitsuena, garrantzitsuena ez da hauteskunde lehiarako subjektua. Garrantzitsuena da duela gutxi entzun genuela inkesta batean [Navarrometroa] herritarrak aldaketaren alde azaldu zirela argi eta garbi eta aldaketa hori Nafarroa Bairen ingurukoa dela».
Goirizelaiaren arabera, ezker abertzaleak egin duena da gizartearen nahi hori jaso eta «benetan Nafarroan gauzak aldatu daitezen» ezkerreko eremu abertzalea bateratzeko behar hori azaldu beste alderdiei: «Egoera berean diren beste alderdiei esaten diegu aldaketa eurekin egituratu behar dela», dio.