Goizeko hamar eta erdietan hasi da Nafarroako Parlamentuan presidentea aukeratzeko inbestidura saioa. UPNko Miguel Sanz da Parlamentuko Mahaiak proposatu duen hautagai bakarra, eta, hain justu, Sanzen hitzaldiarekin hasi da saioa. Gazteleraz ez ezik, euskaraz ere egin du agur laburra Sanzek, eta eduki politikoei heldu die segituan.
Elkarbizitzarako eta elkarlanerako deia eginez hasi du hitzaldia, baina "konstituzionalista" eta abertzaleen arteko bereizketa egin du segituan. Hala, maiatzaren 27ko hauteskundeetan nafarren ardura nagusia konstituzionalisten eta abertzaleen artean aukeratzea izan zela iritzi dio, eta argi eta garbi konstituzionalisten aldeko hautua egin zutela. "Herritarren %76k indar konstituzionalisten alde egin zuen. UPNk, CDNk eta PSNk ordezkatzen ditugun %72k hitzartu dugu Nafarroaren gobernagarritasuna eta egonkortasun instituzionala bermatzea Amejoramenduaren eta Konstituzioaren errespetuan oinarrituta".
Ildo horretatik, Nafarroan ez dagoela lurraldetasun eta nortasun arazorik azpimarratu du, Nafarroak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoak inoiz ez dutela batasun instituzionalik izan iritzita.
Ondoren, CDNrekin hitzartutako programa atalez atal aurkezteari ekin dio, eta hainbat keinu egin dizkio PSNri elkarlanerako deia eginez, batik bat, arlo sozialean. Besteak beste,PSNk bere programan jasotzen zituen zenbait gai hitzez hitz aipatu ditu. Hezkuntzaz aritu denean, argi utzi du beren apostua british eredua dela, euskararen galeran.
Amaitzeko, PSNri zuzendutako ohar bat egin du: Nafarroa "gobernaezina" bihurtzen bada, hitza herritarrei emango diela esan du; hots, egonkortasun nahikorik bermatu ezean, hauteskundeak deituko dituela.
Larunbata arte luzatuko da inbestidura
Gaurko ekitaldian Parlamentuko taldeei bere gobernu programa aurkeztu die Sanzek. Bihar, alderdi bakoitzaren bozeramaileen txanda izango da, eta Sanzi erantzuteko aukera izango dute.
Eztabaida hori amaitu ostean, lehenengo botazioa izanen da, eta horretan gehiengo absolutua edukitzea nahitaezkoa da presidente izateko. Ustekaberik ez badago, botazio horretan seguruenik UPNko zerrendaburua ez da Nafarroako presidente izendatua izango, eta 24 ordu barru (larunbatean) egingo den bigarren botaziora itxaron beharko da. Orduan Sanzek kontrako baino aldeko boz gehiago behar ditu, eta PSNko zuzendaritza batzordeak 12 parlamentari sozialistei abstenitzeko agindu dienez, Miguel Sanz presidente aukeratuko dute ziurrenik.
UPNko parlamentariez gain, CDNkoek bakarrik bozkatu dute Miguel Sanzen alde. Atzo aurkeztu zuten Sanzek berak eta CDNko buruzagi nagusi Juan Cruz Allik berriro ere koalizioan gobernatzeko hitzarmena. Hitzartutako testuan, PSNrentzako «lekua» dagoela adierazi zuten. Sanzek esan zuen bazekiela PSNk Gobernuan parte hartzearen eskaintzari «oraingoan ezetz» esango diola, baina ez dizkiote «ateak ixten», etorkizunean iritziz alda daitekeela uste duelako. Dena dela, argi utzi zuen eskaintza hori PSNri bakarrik egiten ziola, eta «ez NafarroaBairi, ezta Nafarroako Ezker Batuari ere». Hala ere, azken alderdi horren kasuan ezezkoa alda daitekeela iradoki zuen, "oraingoz" erantsi baitzuen ondoren.
Nafarroako presidentearen inbestidura saioa
Nafarroa "gobernaezina" bihurtzen bada hauteskundeak deituko dituela ohartarazi du Sanzek
UPNko hautagaiak Gobernurako dituen asmoen berri eman die Parlamentuko kideei inbestidura prozesuko lehen ekitaldian. Nafarroan lurraldetasun arazorik dagoela ukatu du, hainbat keinu egin dizkio PSNri, eta gutxiengoan egonik gobernatzeko arazoak baditu hauteskundeak deituko dituela ohartarazi du. Bihar izango dute alderdiek erantzuteko aukera. Larunbata arte luzatuko da inbestidura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu