Nafarroa guztian euskaraz ikasteko aukeraren alde daude hiru nafarretik bi

Euskararen egoera aztertu du Nafarroako Gobernuak 2008. urteko inkesta soziolinguistikoan

Naiara Elola.
Iruñea
2009ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuaren inkesta soziolinguistikoaren arabera, hiru nafarretik bik uste dute euskarazko irakaskuntzarako aukera egon behar lukeela Nafarroa osoan. Nafarroako Gobernuak abenduaren 31 baino lehen ezagutarazi behar zituen euskarari buruzko inkesta soziolinguistikoari buruzko datuak, baina atzo kaleratu zituzten Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilariak eta Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariak.

1986. urtean Nafarroako Gobernuak onartu zuen Euskararen Legearekin, Nafarroa hiru eremutan banatuta dago euskarari dagokionez: eremu euskalduna, mistoa eta erdalduna. Horren ondorioz, hezkuntza sare publikoan, eremu euskaldunean eta mistoan soilik ikas daiteke D ereduan. 2008an egindako galderen emaitzak aurkeztu zituzten atzo, ordea, eta nafarren %66,5ek uste dute euskarazko irakaskuntzarako aukera behar lukeela Nafarroa guztian. Eremu euskaldunean galdetutako 10 biztanletik zortzi -%81,6- euskarazko irakaskuntza Nafarroa osoan eskaintzearen aldekoak dira; eremu mistoan biztanleen %67,5 dira aldekoak; eremu erdaldunean bizi diren herritarren %60 dira aukera horren aldekoak.

Maria Luisa Mangado NaBai-ko parlamentariaren iduriko, «utzi egin behar zaio euskarari dagokionez Nafarroa eremutan zatitzeari». Nafar guztiek euskara ikasteko aukera berak iza- tea ezinbestekoa dela uste du Mangadok. Ez da uste berekoa Carlos Perez-Nievas, Nafarroako Gobernuko hezkuntza kontseilaria:«Euskaren Legea betetzen jarraituko du Nafarroako Gobernuak».

Euskara nafarren ondareetako bat dela adierazi du Perez-Nievasek. Nafarrek euskararen inguruan zer-nolako interesa duten aztertu dute inkestan. Herritarren %54,5ek nolabaiteko interesa dute, eta %29,3 batere ez. Adinari dagokionez, galdetutako pertsonak zenbat eta gazteagoak izan, hainbat eta gehiago interesatzen zaie euskara. Azken ezaugarri hori, Perez-Nievasen iduriko, «D ereduak azken urteetan egin duen bidearen fruitu da».

Hizkuntza gaitasuna

Euskararen hizkuntza gaitasunei dagokienez, azken inkesta soziolinguistikoa egin zenetik-2003 urtean- gorakada txiki bat antzeman da. Izan ere, 2003an nafarren %11,8k ulertzen zuten ondo euskara; orain, berriz, %14k -sei urtean %2,2 egin du gora-. Hitz egiteko gaitasunari dagokionez, %1,4 hazi da; 2003an nafarren %10,5 ziren euskaraz mintzatzeko gai, eta orain, galdeketa soziolingusitikoaren arabera, %11,9. Euskaraz irakurtzeko gaitasuna %10,5ean mantendu da, eta idaztekoa, berriz, %0,8 hazi da -herritarren %8,7 lehen, %9,5 orain-. Dena den, hizkuntza menderatzerako orduan eragina du adinak. Izan ere, 15 eta 24 urte arteko gazteak dira euskaraz idazten, hitz egiten eta irakurtzen dakitenak. 55 urtetik gorakoek ez dute menderatzen euskara.

Eremu mistoan sartu nahi

Nafarroako biztanleak hizkuntza eremu jakinak edukitzearekin ados daudela agertzen du 2008ko inkesta soziolinguistikoak. Bestetik, ordea, zenbait udalerritako biztanleek eremu mistoan sartzeko aukerari buruz duten iritzia zein den jakin ahal izan da. Denera, hamar herritako biztanleen ikuspuntua ezagutu da: Aranguren ibarra, Beriain, Galar, Noain, Mañeru, Zirauki, Villatuerta, Artazu, Beraskoain eta Girgillao. Denetan eremu mistoan sartzearen alde agertu dira, Beriainen izan ezik. Aranguren ibarreko herritarren %62,4 eremu mistoan sartzearen alde daude, esaterako. Hartara, herritarrek D ereduan ikasi ahal izango lukete sare publikoan.

Beriainen, ordea, biztanleen %42 daude eremu mistoan sartzearen alde. Dena den, eremu mistoan sartu nahi ez dutenen ehunekoa ez da askoz handiagoa-%49,2k esan dute ezetz-. Salbuespen horrekin, gainerako herrietako biztanle gehienak eremu mistoan sartzearen alde agertu dira. Emaitza horiek jaso arren, Perez-Nievasek jakinarazi duenez, «Nafarroako Gobernuak ez du eremuak aldatzeko inolako asmorik». Izan ere, eremu erdaldunean dauden hamar herri horietako ikasleek D ereduan ikasi nahiko balute, Iruñean aukera badutela adierazi du kontseilariak.

Behin inkestako datuak ezagututa, CDN eta PSN alderdiek nabarmendu dute «euskararen gaia inolako tentsiorik gabe» aztertu behar dela. Maria Victoria Arraiza PSNko parlamentariaren iduriko, «euskara nafar guztion ondarea da, eta hori zaindu eta mantentzeko beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.