Nafarroa Itoitzi buruz ariko da Expolinguan, hizkuntzen azokan

Erredakzioa
2003ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Itoizko urtegiari buruzko informazioa zabalduko du Nafarroako Gobernuak gaur hasi eta etzi arte Berlinen eginen den Expolingua Hizkuntza eta Kulturen Nazioarteko Azokan. Han, Nafarroan azken garaian egindako hainbat kultur eta azpiegitura proiekturen berri emanen du Nafarroako Gobernuak, tartean, Itoizko urtegiko obrena.

Hasieran Eusko Jaurlaritzarekin batera parte hartzen zuen Nafarroako Gobernuak Expolinguan, baina azken urteotan ez da izan azokan Nafarroako Gobernuko ordezkaritzarik. Aurten joatea erabaki du eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusi Pedro Pegenaute bidaliko du Berlinera Gobernuak ordezkaritza taldeko buru gisan. Itoitzi buruzko informazioa ez ezik, Lizarrara joateko azpiegituren irudiak ere erakutsiko ditu Nafarroak hizkuntzen eta kulturen azokan.

Miren Azkarateren hitzaldia gaur

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ere ordezkaritza bat bidali du Expolinguara, aurreko urteetan bezalaxe. Miren Azkarate sailburua da ordezkaritza horren burua, eta euskal kultura eta hizkuntza zabaltzea dauka xede. Horretarako, erakustoki bat izango du azokan. Horrez gain, euskararen inguruko hitzaldiak eta mintegiak izango dira egunotan Berlingo Unibertsitate Askean eta Potsdamgo Unibertsitatean.

Miren Azkaratek berak euskararen egoerari buruzko hitzaldia emango du gaur Berlingo Unibertsitate Askean. Horrez gain, EAEko Kultura sailburuak bilera egingo du unibertsitate horretako errektorearekin eta Hizkuntzen Saileko dekanoarekin, bertan euskara eta euskal kulturaren inguruko ikastaroa sortzeko urratsak emateko. Datorren ikasturterako horrelako ikastaro bat abian jartzea da helburua, eta iaztik ari dira Unibertsitate Askearekin horri buruz hitz egiten. Joan den astean antzeko ikastaroak abiarazteko hitzarmenak sinatu zituen Miren Azkaratek Txile, Uruguai eta Argentinako hainbat unibertsitaterekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.