Nafarroa Oinez DBH zabaltzeko baliatuko du San Fermin ikastolak

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan laugarren gela abiatzean sorturiko arazoei aurre egingo die 'kolore&hitz' leloarekin

Nafarroa Oinez aurkezteko agerraldia; eskuinean, leloa eta ikurra. I.URIZ / ARP.
Ander Perez Argote
Iruñea
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Zizur Txikiko San Fermin ikastolak antolatuko du 2012ko Nafarroa Oinez jaia, DBHko eraikina egokitzeko xedez. Hala adierazi zuten atzo Iruñean eginiko agerraldian Pilar Vicente San Fermin ikastolako zuzendariak eta Javier Barkos guraso kooperatibako presidenteak. Peio Mariñelarena Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Resu Urrutia Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zuzendariak lagunduta egin zuten agerraldia. Adierazi zutenez, San Fermin ikastolak laugarren lerro bat ireki behar izan du Bigarren Hezkuntzan, «hezkuntza kalitateari eusteko xedez». Horrek espazio arazoak eragin ditu zentroan, eta instalazioak egokitzeko eta zabaltzeko baliatu nahi dute Nafarroa Oinez festaren 32.edizioa.

Nafarroako ikastolen jaialdia ospatuz, gainera, Iruñerriko Euskalerria Irratiak «euskararen hedapenean aspalditik» egiten duen lana aitortu nahi du San Fermin ikastolak eta irratiaren legalizazioa aldarrikatu du. Zentzu horretan, «beharrezkotzat» jo dute Iruñerrianhedabide euskaldunak izatea: «Komunikazio tresna ezinbestekoak dira». Nafarroako Gobernuak Euskalerria Irratiari emititzeko lizentziarik ematen ez diola gogoraraziz, San Fermin ikastolak hedabide hori «lagundu» nahi duela adierazi dute Nafarroa Oinez festako arduradunek. Laguntza hori ahalbidetzeko«kolaborazio» formulak aztertzen ari direla ere aurreratu dute.

Hurrengo urteko edizioko leloa eta irudia ere aurkeztu dituzteNafarroa Oinez-eko arduradunek. Jaialdia kolore&hitz lelopean ospatuko da. Horren bitartez, 40 urteko ibilbidea islatu nahi du San Fermin ikastolak —1970an sortu zen—. Hala, «hasierako argi ilunetatik» hasita gaur egungo ikastola «koloretsurainoko» bidea adierazi nahi izan du ikastolako ikasle ohi eta egungo guraso den Xabier Iriarte sortzaileak. Horrez gain, leloak dakarren hitz jokoaren bitartez «kolore aniztasuna» islatu nahi izan dute, «euskarak giza komunikazioaren ortzadarra islatzen baitu». Irudiak, bestetik, hiru bunbuilu barnebiltzen ditu, lauburua eta bakearen zein maitasunaren ikurrekin.

Aurten, helburuak beteta

Resu Urrutia Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zuzendariak pasa den urriaren 16an egindako Nafarroa Oinez festak «helburu guztiak» bete dituela adierazi du. Hala, lortutakoari esker, ikastetxean Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat beharrezko den eraikina egitea «pixka bat gertuago» dagoela azpimarratu du. Era berean, auzolanean egindako lanaeskertu eta horrek ekarritako fruitua nabarmendu du Urrutiak: «Hamaika izan gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.