IKASTOLAK

Nafarroa Oinez, Tuteratik Zangozara

Zangozan egingo dute 2014ko jaia, ikastolaren maileguak ordaindu ahal izateko. "Maileguak ordaindu arte, ikastola ez da ekonomikoki bideragarria izango", ohartarazi dute.

2013ko azaroaren 7a
19:08
Entzun

Aurtengo Nafarroa Oinezen oso balorazio ona egin dute Tuterako Argia ikastolako arduradunek. Irabaziei buruzko datu ofizialik eman ez badute ere, Nafarroa Oinezak euren behar guztiak ase ezin dituela adierazi du Susana Suarez Argia ikastolako lehendakariak. Hala ere, jaia "larrialdiko laguntza" izan dela esan du. Anika Lujan Argia ikastolako zuzendariak eskerrak eman dizkie urriaren 20an Tuterara joan zirenei, baita antolakuntza lanetan ibili zirenei ere. Egun horretan Euskal Herriak euren laguntza deiari erantzun ziola eta "elkartasuna hitzaren benetazko zentzua" ezagutu zutela esan du.

Nafarroa Oinez bezalako jai bat antolatzeak lan handia dakar, eta lanean hasiak dira Zangozan. Gaur bertan aurkeztu dute 2014ko Nafarroa Oinez. Esan izan Zangozan izango da leloa. Esan, euskarak Zangozan esateko asko duelako. Izan, esateko hizkuntza sentitu behar delako, Zangozan euskaldun izan nahi dutelako. Goza, euskararekin gozatu nahi dutelako.

Zangozako ikastolak antolatzen duen hirugarren Nafarroa Oinez izango da 2014koa. Aurretik, 1987an eta 1998an antolatu zituzten. Azken jaiaren ostean egin zuten eraikin berria, eta oraindik mailegua ordaintzen ari dira. Zama horrek eta krisiak egoera larrian utzi dute ikastola. Mailegua kitatu arte, ikastolak aurrera ezin izango duela egin uste dute ikastolako arduradunek.

Gainera, hainbat proiektu dituzte esku artean; besteak beste, eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzea eta hezkuntza kalitatean inbertitzea. Orain dela gutxi lortu dute kalitatezko zentroa dela ziurtatzen duen zigilua. Hobekuntzarekin jarraitzeko baliabide berriak behar dituzte, hala nola irakasleak prestatzeko eta azpiegiturak hobetzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.