Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Nafarroa «subjektu politiko» gisa babestuko du Geroa Baik

Uxue Barkosek adierazi du «kezkagarri» bihurtzen hasi dela birzentralizazioaren inguruko «tentaldia»

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Geroa Bai Amaiurrengandik bereizi du Uxue Barkos Espainiako Kongresurako zerrendaburuak. Bi koalizioen artean dauden desberdintasunak «funtsezkoak» direla azaldu du diputatuak.

Batetik, Geroa Baik Kongresuan Nafarroa subjektu politiko gisa defendatuko duela azaldu du. Bi koalizioek erakundeen aurrean duten jarrera nabarmendu du beste desberdintasun nagusi gisa. «Erakundeetan normalizazioz eta gogo biziz parte hartzearen alde gaude; herritarren interesa pizten duten gaiak dira».

Desberdintasun gehienak, halere, UPNrekin dituztela nabarmendu du. «Murrizketen eta gainsarien gobernuari» botoen bitartez erantzutearen alde agertu da diputatua.

Nafarroako interesak defendatzeko orduan, PSOEk eta PPk hizpide izan duten zentralizazioaren aurka azaldu da Barkos. «Kezkatzekotzat» jo du krisi ekonomikoa egonkortzeko aitzakian, alderdi batzuek birzentralizazioaren alde agertzeko duten «tentazioa». Alderdi minoritarioek Kongresuan horri aurre egin diezaioketela uste du.

Barkos Nafarroa Bairen ordezkaria izan da azken bi legealdietan. Orain beste sigla batzuen izenean aurkeztu arren, proiektu «bera» babesten duela ziurtatu du. «Nafarroa Bai izena ez badugu, ez digutelako utzi ez dugu». Izen aldaketak eragozpenak sor ditzakeela gaineratu du diputatuak. Edonola ere, proiektua mantentzeko beharra nabarmendu du, «Nafarroaren interesen alde egiteko tresna paregabea» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.