Nafarroak elkarte gastronomikoen eta peñen irekiera baimenduko du ostiraletik

Gobernuak bertan behera utzi du eremu pribatuko eta publikoko gehienezko edukiera ezartzen duen neurria; ostiraletik, gomendioa baizik ez da izanen. Muga berriak bi astez izanen dira indarrean, gutxienez.

Elkarte gastronomikoak eta peñak ostiralean irekiko dira berriz Nafarroan. ARITZ LOIOLA
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 19a
10:51
Entzun

Izurriteari kontra egiteko neurriak leuntzeko bidean da Nafarroako Gobernua; ostiralean eginen dute hurrengo urratsa. Besteak beste, joan den urriaren 13tik aitzina itxiak izan ondotik, elkarte gastronomikoek eta peñek ateak atzera zabaltzeko aukera izanen dute foru erkidegoan. Halere, gobernuak jakinarazi duenez, irekierak mugak izanen ditu: %30ean ezarri dute gehienezko edukiera. Gainera, erabakiak ez die etxabeei eraginen; horiek itxita segituko dute.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek eman du foru agindu berrian bilduak diren neurrien berri, 13:00etan egindako prentsaurrekoan. Hala eta guztiz ere, zehaztu duenez, auzitegien onespena beharko dute aldaketak indarrean sar daitezen.

Elkarte gastronomikoei eta peñei eragiten dieten arauez gainera, gobernuak aldaketak proposatu ditu beste hainbat esparrutan ere. Ostiraletik, indargabetu eginen da eremu pribatuan eta eremu publikoan bil daitekeen lagun kopurua mugatzeko neurria; legeak ez du mugarik ezarriko, gomendioa baizik ez da izanen. Aholkatuko da gehienez zortzi pertsona elkartzea, eta horiek hiru bizikidetza unitatekoak izatea, gehienez jota.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak gaueko 22:00etara luzatu ditu jarduera zenbaitek izan ditzaketen ordutegiak; orain arte, 21:00ak arte izan zitezkeen zabalik, gehienez. Gainera, komertzio txikietan %60era zabalduko da edukiera, eta parkeetan ez da mugarik izanen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.