Nafarroak eten egin du eskoletan bertsoa irakasteko programa

Gobernuak ez du diruz lagunduko 'Bertsolaritza Irakaskuntzan'; aurten, 1.100 ikaslek jaso dituzte eskola horiek

mikel p ansa
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hiru urterako akordioa sinatua zuten Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Hezkuntza Departamentuak, baina gobernuak telefono dei batekin eten du hitzarmena. Bertsozale elkarteak atzo jakinarazi zuen berria: «Nafarroako Gobernuko Hezkuntzan Departamentuak Bertsolaritza Irakaskuntzan programa bertan behera uztea erabaki du. Orain dela egun batzuk, telefono dei baten bitartez, hurrengo ikasturtetik aurrera ez duela finantzaketarik izango jakinarazi zuten». Bukatu berri den ikasturtean 1.100 ikasle inguru aritu dira bertsolaritzan trebatzen, programa horren barruan. Finantzaketarik gabe utzi ditu Iruñeko gobernuak.

Egitasmoaren heren bat finantzatu izan du gobernuak azken hamabost urteetan, programa 1997an jarri baitzen abian. Azken ikasturtean 48.000 euro eman zituen gobernuak. Gainerako bi herenak Nafarroako Bertsozale Elkarteak eskuratu izan ditu, «udal eta mankomunitate askoren ekarpenari esker». Gobernuaren ekarpenik gabe, ordea, ezingo du eskolak berdin ematen jarraitu.

Hala ere, jarraitzeko ahalegina egingo dutela azaldu du Gontzal Agote Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. Udalek, mankomunitateek eta ikastetxeek programarekin jarraitu nahi dute, Agotek dioenez; ikastetxeek jarraitzeko eskaera egin ere egin diote Nafarroako Gobernuari. Tokiko erakunde eta eskolekin urte bukaerara arte konpromisoak hartuak ditu bertsozale elkarteak, eta horiei eusten ahaleginduko da. Finantzaketaren heren bat galduta, ezingo dute orain arte bezala jarraitu, ordea. Ordu gutxiago, edo beste era batera eman beharko dituzte. Nola jarraitu hitz egiten ari dira. «Guk ahalegina egin behar dugu transmisio lan hau bermatzen. Ez dugu etsiko gobernuak finantzaketa kendu digulako», azaldu du Agotek.

Hamabost urteotan milaka ikasle trebatu dituzte Bertsolaritza Irakaskuntzan programaren bidez. Nafarroako D ereduko eskola publikoetan, urritik maiatzera bitartean, 30 orduko ikastaroa ematen zieten Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleei. Bertsozale Elkarteak kudeatu du programa, eta, horretarako, hitzarmenak berritzen joan da Nafarroako Gobernuarekin. Azkena iazko udan sinatu zuten, hiru urterako. 2014 arte, beraz, jarraitu behar zuen programak. Urtez urte berritu beharrekoa zen hitzarmena, eta horretan ari ziren berez. Gobernuak beste abisurik eman gabe eten du kontratua, egun batetik bestera.

Hiru irakasle ari dira programan lanean, baina haien egoera ez ezik, elkartearena ere astindu du gobernuaren mozketak. Bertsolaritza Irakaskuntzan programa garrantzitsuenetako bat da elkartearentzat, Agoteren esanetan. Gainera, bertsoaren transmisio lanak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du. Bertsozaleak eta bertsolariak sortzeko balio izan du, eta programari zor zaio, «neurri handi batean», bertsoak gaur Nafarroan duen osasuna, Agoteren ustez. «Guretzat oso kolpe gogorra da».

Eskoletan bertsogintzaren «oinarrizko kontzeptuak eta teknikak» erakusten zizkieten ikasleei, baina hori baino gehiago izan da programa: «Geletan euskara erabiltzeko modu ezin egokiagoa da, hizkuntzaren alderdi jostagarria erakusten die gaztetxoei, haiena ez den rol bat hartzen eta ondokoa entzuten ikasten dute, ahozkotasunaren garrantziaz jabetzen dira...».

Programan parte hartu duten ikastetxeek ere «ezin hobekiago» baloratu izan dute Bertsolaritza Irakaskuntzan programa, Agoteren esanetan. Hezkuntza Departamentuari aurkezturiko balorazioetan ere hala agertu dela azaldu du elkarteak, eta ikastetxe batzuek programa horrentzako ordu kopurua handitzea eskatu izan dutela ere gogorarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.