Nafarroako 25 eta 34 urte bitartekoen ia erdiek badituzte unibertsitate ikasketak
Nafarroan 25 eta 34 urte bitarteko gazteen ia erdiek egin dituzte ikasketak unibertsitatean. Hori dio Nafarroako Eskola Kontseiluak herrialde horretako hezkuntza sistemari buruz egin duen azken txostenak. 2010-2011ko ikasturteari dagokiona da. Joan den abenduan onartu zuten. Atzo, Nafarroako Eskola Kontseiluko buru Pedro Gonzalezek aurkeztu zuen txostena Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideen aurrean. Gobernuko alderdiek, UPNk eta PSNk, eskatu zuten Gonzalezen agerraldia. 2010-2011ko ikasturteari buruzko txostenaren arabera, Nafarroan 364 irakaskuntza zentro daude; haietako 287 publikoak dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, ikasleen %11,5ek ez zuten ziklo horretako laugarren maila gainditu. Eta gainditu zutenen artean, %20k ez zituzten irakasgai guztiak gainditu. Selektibitatea egin zuten ikasleen artean, berriz, ia %98k gainditu egin zuten azterketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu