Politika

Nafarroako Ahal Dugu-k Laura Perez kanporatu du

Alderdiaren kodigo etikoa "larriki urratu" duela iritzita, Nafarroako Ahal Dugu-k Laura Perez idazkari nagusi ohia behin-behinekoz kanporatzea erabaki du, eta parlamentari aktari uko egiteko galdegin dio.

Laura Perez, Nafarroako Parlamentuan. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 19a
16:43
Entzun

Nafarroako Ahal Dugu-ren Berme Demokratikoen Batzordeak "ustezko irregulartasunak" atzeman ditu Laura Perezek parlamentari gisa garatu duen jardunean. Batzordeak espedientea ireki zion Perezi, alderdiko Koordinazio Kontseiluaren eskariz, eta berme batzordeak behin-behineko neurria hartzea erabaki du.

Ahal Dugu-k Perezi eskatu dio bere ekintzen "ardurak eta ondorioak" bere gain har ditzala eta alderdiaren "printzipio etiko eta politikoekiko koherentziarengatik" parlamentari aktari uko egin diezaiola, "beste pertsona batzuei bide emateko", alderditik kaleratzeko neurria behin betiko baieztatzen bada.

Nafarroako Ahal Dugu-k ohar bidez adierazi duenez, "alderdian badira zenbait pertsona Ahal Dugu-ren izenean kargu publikoak dituztenak, zoritxarrez, [alderdiaren] printzipio etikoak ahaztu eta larriki urratu dituztenak, Ahal Dugu-ren irudia eta izen ona zikinduz eta proiektu politikoaren sinesgarritasunari kalte eginez". Ahal Dugu-ren esanetan, "ezin dira halako jarrerak onartu".

Oharrean gaineratu du Ahal Dugu "herritarrengandik eta herritarrentzako" sortu zela, eta "ez inoren interes partikularren erreminta gisa". Alderdiak salatu dituen jarrerak Nafarroako aldaketa politikoaren kontrakoak direla ere ziurtatu dute.

Perezek ukatu egin du

"Ez da egia alderdiaren kode etikoa urratu dudanik", adierazi du Laura Perezek gaur goizean, Nafarroako Parlamentura iritsi denean. "Esan diezadatela zein puntu urratu dudan. Nik oso lasai dut kontzientzia", gaineratu du.

Perezek adierazi du ez duela talde parlamentaria uzteko asmorik, berme batzordearen ebazpena ez delako irmoa.

Dena den, argudiatu du alderdiak jakitera eman duen "behin-behineko kanporatzea" ez dela zuzena. Kanporatzea, izatekotan, bere defentsa eskubidea aitortuko duen prozesu baten ondorengo emaitza izango dela adierazi du. Aldiz, parlamentari gisa bozeramaile aritzeko aukera da behin-behinean alderdiak ukatu diona, Perezen esanetan.

Parlamentariak iragarri du berme batzordearen erabakia errekurritu ala ez aztertuko duela, eta neurria ordezkari gisa duen jardunaren kontrako "urraketa argia" dela deritzo.

Nafarroako Ahal Dugu-ren barnean haustura azaleratu zen idazkari nagusirako azken primarioetan, iazko maiatzean. Eduardo Santos Laura Perezi gailendu zitzaion 28 bozen aldearekin, eta haren garaipenaren ondoren Mikel Buil izendatu zuen zuzendaritzak parlamentuko bozeramaile, Laura Perezen ordezko.

Perezek adierazi du Nafarroako Ahal Dugu-ren baitan nabaria dela gatazka, "alderdiaren barnean demokrazia errespetatzen ez denetik".

Espadientea, azarotik

Iazko azaroaren 30ean Orain mugituz agiria atera zuten Nafarroako Ahal Dugu-ko kide batzuek, eta, egun berean, korronte hark Kataluniako egoerari buruzko hitzaldi bat antolatu zuen. Hitzaldian parte hartu zuen Laura Perezek. Handik gutxira, Perezen eta alderdiko hamalau kideren aurka salaketa aurkeztu zuen militante batek, "alderdiari akabera ematea eta gerra zikina egitea" egotzita.

Perezek ukatu egin zuen alderdiaren kontra ari zenik, joan den abenduan BERRIAk egin zion elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.