nafarroako gobernua

Nafarroako akordio programatikoa datorren asterako espero da

Ia ziurrenik inbestidura saioa eta gobernuaren osaera sanferminen ostean izango dira.

Gobernu akordioa zehazteko gaurko bilera. JESUS DIGES, EFE
joxerra senar
2015eko ekainaren 26a
10:59
Entzun

Astebete eman dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k batzorde sektorialetan adostasunak bilatzen. Gaur lan hori guztia aztertu dute, eta, Geroa Baiko Uxue Barkosen arabera, "bide onetik" doaz.

Gaur bileraz bilera ibiliko dira alderdiak. 08:00etan lehen bilera egin dute. 10:00etan Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordea zegoenez, eten egin da, baina 11:30etik aurrera jarraitu dute. Eguerdiko etenaldiaren ostean, 16:00etatik 20:00etara elkarrizketekin jarraituko dute.

Lau alderdiek baikortasuna azaldu dute goizeko bileraren ostean. Ezkerrako Txema Mauleonen arabera, %90 inguru hitzartuta dute jada, eta Barkosek espero du gaur arratsaldean akordioaren mamia zehaztua izatea. Bere ustez, gobernuaren jarduerari begira "akordio oso sakona" izango da.

Dena den, ezadostasunak egon badira. Ahal Dugu-ko Laura Perezi, kasurako, gobernuak hasieratik jorratu beharreko lehentasunen zehaztapenak ematen dio kezka gehien. Dena den, bere ustez, borondatea badago ezadostasunok gainditzeko.

Hain justu ere, EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, "ezadostasunen gainetik ahalmen politikoa badago gainditzeko". Alderdi guztiek aurreratu dute datorren aste hasierarako akordio programatikoa egon daitekeela, astelehen edo astearterako. Araizek gaineratu du, borondatea egonez gero, hurrengo astean bertan osatu daitekeela gobenua.

Hala ere, zail egongo da. Akordioa zehaztuta, gobernuaren formulazioa hitzartu beharko dute, eta behin hori zehaztuta, Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidenteak hautagaia deitu beharko du, hiru egunen buruan osoko bilkura deitzeko. Behin presidentea izendatuta, gobernua hiru egunen buruan osatu beharko litzateke. Horregatik, alderdi gehienek ziurtzat ematen dute sanferminen ostean izango dela inbestidura saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.