Oraingoan bai, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du Nafarroako Gobernuaren eskaera, eta gaurtik aurrera, transmisio arrisku handian dauden udalerrietan, etxeratze agindua egongo da indarrean asteburuetan, jaiegunetan eta ez-jaietan, 01:00etik 06:00etara. Gobernuaren eskaeraren arabera, arrisku handiko multzo horretan egongo dira bi astean 250 kasu positibo baino gehiago edo astebetean 125 baino gehiago antzeman dituzten udalerriak. Gaur gauean sartuko da indarrean, eta oraingoz 141 udalerritan izango du eragina, 600.000 pertsonarengan.
Nafarroako Gobernuak argitaratua du udalerri horien zerrenda. Horien artean daude Zizur Nagusia (1.174,96ko intzidentzia tasa), Aranguren (1.114,28), Lizarra (1.093,41), Berriozar (1.045,46), Burlata (989,73), Noain-Elortzibar (985,57), Antsoain (969,26), Iruñea (927,83), Barañain (871,33), Berriobeiti (826,90), Baztan (797,22), Eguesibar (780,95), Atarrabia (725,20), Tafalla (566,30), Tutera (526,78) eta Altsasu (322,45).
Horietan, gaurko 01:00etik aurrera, soilik kasu hauetan atera ahal izango dira kalera: botikak, osasun produktuak eta oinarrizko beste gauza batzuk erostera, medikuarenera, albaitariarenera, lanera, zaintza lanak egitera, eta beste salbuespen batzuetara. Auzitegi Nagusiaren erabakiaren berri atera duen oharrean, Gobernuak azaldu du gaitza "ekitaldi superkutsatzaileetan" ari dela zabaltzen, "gauez, gazteen artean, baita kanpoan ere, batik bat tabernak ixten dituztenean".
Aipatutakoez gain, 41 udalerri horien artean beste hiru nabarmentzen dira, hamalau egunetan 10.000tik gorako intzidentzia tasa dutelako: Azuelo (12.903,22), Orbara (12.121,21) eta Lesaka (11.601,60) dira horiek. 5.000 eta 10.000ko arteko intzidentzia tasan daude Igantzi (6.572,76), Urroz (6.010,92) eta Zubieta (5.280,52). Eta 3.000 eta 5.000 arteko tasarekin Saldias (4.918,03), Arantza (4.690,11), Ituren (4.500,97), Etxalar (4.059,04), Doneztebe (3.418,30), Lantz (3.378,37), Bera (3.292,29) eta Areso (3.225,80). 1.000 eta 3.000 arteko tasarekin 43 udalerri daude, eta hortik behera, 84.
Atzo egin zuen eskaera Maria Txibiteren gobernuak, iragan astean aurkeztutakoa atzera bota ostean. Javier Remirez gobernuko bozeramaileak adierazi zuen etxeratze agindua «beharrezko tresna» dela kutsatzeen hedapena mugatzeko: «Noski, auzitegiaren ebazpena aztertuta, saiatu gara haren eskari eta irizpideetara egokitzen». Horregatik, gaineratu zuen oraingoa «neurri zehatzagoa, kirurgikoagoa» dela. Asmoa litzateke foru araua indarrean egotea gaurko gauerditik aurrera, hilaren 28ra arte, asteburua «harreman sozial handikoa» baita Nafarroan, Remirezen arabera.