Euritea

Nafarroako bi errepide itxi egin dituzte euriteen ondorioz

NA-2410 eta NA-30 itxi dituzte. Lizarra, Tutera, Uharte eta Atarrabia alerta aurreko egoeran daudela jakinarazi du Nafarroako Larrialdi Agentziak. Gipuzkoan, EuskoTreneko trenak goizetik arratsaldera arte ez dira ibili Usurbil eta Elgoibar artean, luizien ondorioz.

2008ko martxoaren 25a
18:59
Entzun
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gaur bi errepide itxi egin dituzte euriteen ondorioz. Hain zuzen, NA-2410 (Barranka) goizeko bederatzietatik itxita dute 12,5. kilometroan, errepidean ur putzu handiak daudelako, eta NA-30en ezin da eguerditik ibili, Landaben industriagune parean, Arga ibaiak gainezka egin baitu. Arakil ibaiak ere egin du gainez Uharte Arakilen baina, oraingoz, kalte handirik eragin gabe.

Horretaz gain, lur-jausi batzuk izan dira Nafarroan, harriak ere erori dira errepidera zenbait tokitan...

Azken egunetako euri jasen ondorioz, ibaiek gainez egiteko arriskua sortu da Nafarroako zenbait gunetan. Zehazki, Lizarra, Tutera, Uharte eta Atarrabia alerta aurreko egoeran ezarri ditu Nafarroako Larrialdi Agentziak. Halaber, Arga, Arakil, Ega eta Ultzama ibaien hazkundea arreta bereziz jarraitzen ari da Larrialdi Agentzia, eta Foruzaingoa eta suhiltzaileak erne jarrita dauzka.

Gipuzkoan, berriz, EuskoTrenen trenbide sarea ibili ezinda egon da goizetik arratsaldera arte Usurbil eta Elgoibar artean, luizien ondorioz. Zehazki, Usurbilgo geltoki ondoan izan da lurjauzietako bat, eta, bestea, Karkizano tunelean, Elgoibar eta Mendaro artean. Nolanahi ere, tarte hori egiteko autobus zerbitzua jarri du EuskoTrenek arazoa konpondu bitartean.

Araban Zadorra urtegia beteta dago, eta hango arduradunak ura pixkanaka ateratzen hasi dira arratsaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.