Hondakinak

Nafarroako errauste plantaren aurkako manifestazioa antolatu dute Altsasun

Errausketak eragiten dituen osasun arazoei eta herritarren oposizioari entzungor egin izana egotzi dio 3 Mugak Batera elkarteak Nafarroako Gobernuari. Errauste planta inposatu izana egotzi diote, eta manifestaziora deitu dute Altsasun martxoaren 16rako.

Inigo Astiz
2013ko urtarrilaren 17a
17:28
Entzun

Nafarroako Gobernuak eman ditu hondakinak erre ahal izateko eman beharreko baimenak. Ekainean egin zuen horretarako hitzarmena Olatzagutiko (Nafarroa) Cementos Portland Valderribas lantegiarekin, eta atzo onartu zizkion horretarako beharrezko diren baimenak. Moldaketak egin beharko dituzte orain labeetan. Herritarren hitzari entzungor egin izana egotzi dio 3 Mugak Batera elkarteak gobernuari, eta zabor poltsak eta auto gurpilak eraman dituzte parlamentuaren aurrealdera protesta gisa. Pankarta bat ere zabaldu dute, Ez Olazatin ez beste inon, PRSISari eta errausketari ez! Herritarren hitza eta osasuna errespetatu leloarekin.

Era “erdi klandestinoan”. Hala eman du errauste planta eraikitzeko baimena gobernuak, elkarteko ordezkarien hitzetan, eta proiektuari aurka egiten jarraitzeko konpromisoa azaldu dute. Lantegia martxan hasi arte bada planta geldiarazteko tarterik, diotenez, eta martxoaren 13an Altsasun (Nafarroa) egingo duten manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute horregatik.

"Zentzugabea" da gobernuaren jarrera, elkartearen iritziz, eta “errazera” jo duela uste du, “batere galdeketarik egin gabe”. Gogoratu dutenez, oposizio handia izan du proiektuak, eta hura kontuan hartzeko eskatu diote gobernuari. Izan ere, 10.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte errausketa sistemaren aurka. Sakanako udalek, Lizarrako udalek eta Arabako zenbait udalek ere eman diote ezezkoa proiektuari, eta iritzi bera agertua dute EHNE nekazari sindikatuak, inguruko landa etxeek eta garapen partzuergoek. Baina bizkarra eman die guztiei gobernuak, 3 Mugak Batera-koek salatu dutenez, eta osasuna babesteko indarrean diren udal araudiak apurtu izana ere egotzi diote.

Elkarteko hamar bat kide elkartu dira goizean parlamentu aurrean, eta errausketak eragiten dituen kalteak ekarri nahi izan dituzte gogora. “Minbizia”, “abortuak”  eta “aire kutsadura” zioten afixak eraman dituzte horretarako. Hondakinak errausten dituzten plantetatik hurbil bizitzeak minbizia izateko aukerak areagotu egiten dituela gogorarazi nahi izan diote Yolanda Barcinak gidatzen duen taldeari. Baina osasunaz gainera, Olatzaguti inguruko landa ekonomiari ere kalte egingo dio errauste plantak, eta zuhurtasuna eskatu diete agintariei. Bestelako kudeaketa eredu bat bilatu eta aurkitu behar dela uste dute.

Bestetik, errauste plantaren aurka itxialdia egingo dute bihar zenbait hautetsik Olatzagutian. Sakana (Nafarroa), Goierri (Gipuzkoa) eta Lautadako (Araba) ordezkariak elkartuko dira, eta gau osoa emango dute herriko udaletxean itxita. Larunbat goizean aterako dira.

Geroa Bai eta Bilduren kritikak

Sakanako Geroa Bairen ustez, “gehiegikeria” bat da gobernuaren eta zementu enpresaren arteko hitzarmena. Inposizio bat izan dela dio koalizioak, eta sakandarren gehiengoak dioenari entzungor egin izana salatu dute. Bakartxo Ruiz Bildu koalizioko parlamentariak ere inposiziotzat jo du UPNk hartutako erabakia. Azaldu duenez, hondakinak kudeatzeko bestelako eredu bat da haiek proposatzen dutena, eta herriaren hitza errespeta dadin eskatu du. “Despotikoa” da Nafarroako Gobernuaren jarrera, Ruizen hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.