NAFARROAREN EGOERARI BURUZKO EZTABAIDA

Nafarroako errealitatetik urrun egotea leporatu dio oposizioak Barcinari

Barcinak euskarazko testuliburuen kontra jo du, eta kritika gogorrenak Bilduri egin dizkio. Gaur-biharretan, eztabaidagai izango dituzte, besteak beste, Volkswagenen harira Nafarroako eta Espainiako gobernuen artean izaniko tirabira, hitzarmen ekonomikoaren berritzea, autogobernua, zerga erreforma eta langabezia. 

Yolanda Barcina, Nafarroako Parlamentura heltzen, protesta artean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2014ko urriaren 16a
07:11
Entzun

Legealdiko azkena da Nafarroako egoerari buruzko eztabaida, eta Nafarroako Gobernuak lau urteotan eginiko lanaren balantzea egin dute. 09:30ean hasi da, eta parlamentutik zuzenean kontatu du Joxerra Senar BERRIAko kazetariak.

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak hartu du hitza aurrena. Hezkuntza alorrean, nabarmendu du Nafarroa dela "hezkuntza askatasuna" gehien baloratzen duen erkidegoa: "Hizkuntza propioen eta komunitarioen alde apustu egiten dugu". D ereduaz ez du hitzik egin, eta azaldu du "aktiboki" lan egiten duela ikastetxeetan "doktrinatzea" eragozteko: "Gazteek merezi dutelako askatasunean haztea eta heztea".

Bilduri egin dizkio kritika gogorrenak: "Ezin dute bakeaz hitz egin supermerkatu batean bonba jarri edo 22 pertsona hil zuten terroristei elkartasuna adierazi zietenek". Patxi Zabaleta Aralar-Nabaiko bozeramailea ETAk erakunde zibil gisa irautearen alde agertu dela-eta, galdera egin dio Barcinak: "Zer maila moraletara iritsi zarete?". Adolfo Araiz izango da EH Bilduren zerrendaburua maiatzeko foru hauteskundeetarako, eta Barcinak, Araizi buruz, esan du ez zela gai izan Miguel Angel Blancoren hilketa gaitzesteko: "Etorkizunerantz begiratu beharrean, iraganean lurperatu zarete".

Volkswagenen aferaz ere jardun du: "Hasiera-hasieratik esan nuen berehala amaitu behar zuela. Presidente honek irmo exijituko zuen gure zerga ahamenei eustea". Gertatutakoa "foru eskubideen kontrako eraso" gisara ikusten du Barcinak, eta horrek "kezka handia" eragiten diola gaineratu du.

Oposizioa, kontra

Roberto Jimenez PSNko bozeramaileak erantzun dio "gehiengo absolutuarekin" hasi zuela legealdia, baina "gutxiengo absolutuan" amaituko duela. "Jokaleku zoragarri bat" irudikatzea egotzi dio Barcinari, eta, aitortu duen arren "suspertze ekonomikoaren zantzuak" daudela, oraindik "laino handiak" daudela gaineratu du, eta gogorarazi legealdi hasieran baino 4.600 langabe gehiago daudela egun.

Bilduko eledun Bakartxo Ruizek, berriz, bere burua "Midasko erreginatzat" jotzea leporatu dio Barcinari: "Ukitzen duzuna hobetzen duzu, eta gaizki doana besteen errua da". Barcinak zabaldutako irudia, ordea, ez dela egiazkoa gaineratu du Ruizek, eta "gaitasunik" ez izatea egotzi dio.

Patxi Zabaleta (Aralar-Nabai) gogor aritu zaio Barcinarei: "Esku hartutako Nafarroa honetan esan daitekeen gauza bakarra da makroekonomikoki BGPk erortzeari utzi diola". Gaineratu duenez, "ekonomista denek" ohartarazten dute hirugarren atzeraldiaren arriskuaz, "Yolanda Barcinak izan ezik". Barcinak Araizen inguruan esandakoei ere erantzun die: "Gizartearen errespetua merezi du, hemeretzi hilabete kartzelan egon zelako bidegabe".

Manu Aierdik (Geroa Bai) gogora ekarri du Barcinaren kudeaketaren azken emaitza aurreko legealdietatik datorren kudeaketaren ondorio ere badela. Haren ustetan, birzentralizazioaren ondorioz autogobernuak "atzera" egin du azken urteetan, eta mezua igorri dio Barcinari: "Ez duzu uste arerioa erratu duzula? Ez duzu uste beste batzuk ari direla autogobernua eraisten?".

Carlos Garcia Adanero UPNkoak soilik eman dio babesa Barcinari, eta adierazi du oposizioak maila ez duela ematen. UPNko bozeramaileak banan-banan erantzun die Barcinari eginiko kritikei; euskararen inguruan, esan du Nafarroako hizkuntza dela eta horren alde daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.