Nafarroako eskolak hiru egunez geratzeko, elkar hartu dute sindikatuek

Hilaren 22rako, 29rako eta 31rako egin dute deia ordezkaritza duten sindikatu gehienek; etzi jakinaraziko dituzte xehetasun gehiagoIruñeko gobernuak murrizketan atzera egin ezean, prest dira greba mugagabea egiteko

edurne elizondo
Iruñea
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako irakasleak grebara deitu dituzte hilaren 22rako, 29rako eta 31rako. Herrialde horretako hezkuntzan ordezkaritza duten sindikatu gehienek egin dute deialdia, eta ez dute baztertzen protesta mugagabe bihurtzea. Ohartarazi dute greba mugagabea egiteko prest direla Nafarroako Gobernuak murrizke- tetan atzera egiten ez badu.

Astelehen eguerdian eginen dute agerraldia, Iruñean, beren asmoen berri emateko. Orduan zehaztuko dute ordezkaritza duten sindikatu guztiek emanen ote dioten babesa grebari. Afapnak, adibidez, astelehen goizean eginen du bilera, protestei buruzko behin betiko jarrera zehazteko.

Aste zaila izan da Nafarroako irakaskuntzako sindikatuentzat. Asteazkenean bilera egin zuten Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasekin, departamentu horrek aurreikusitako murrizketak jasotzen dituen dekretuari buruz. Mahaitik joan egin ziren ELA, LAB eta EILAS sindikatuetako eta Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteko ordezkariak. Ikasleak pilatzeko eta irakasleek eskola ordu gehiago eman behar izateko neurriek piztu zuten sindikatuen haserrea. Irakaskuntzaren kalitatean eraginen dutelakoan, batetik, eta langileen lan baldintzak kaskartuko dituztelakoan, bertzetik. Aurreikusten dute, gainera, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 460 irakasle inguru kaleratuko dituztela murrizketen ondorioz.

Iribasen negoziatzeko borondaterik eza salatu zuten sindikatuek asteazkeneko bileraren ondotik. Kontseilariak erran zuen talde gehienek egungo ikasle kopuruari eutsiko diotela hurrengo ikasturtean, baina iragarpen horrek ez zuen sindikatuetako ordezkarien kezka eta ezinegona baretu. Egoera larritzat jo zuten, eta argi utzi zuten murrizketei aurre eginen zietela. Irakasleak hiru greba egunetara deitzea izan da hartu duten lehenbiziko erabakia.

Greba mugagabea egiteko aukera, gainera, mahai gainean jarri dute. Argi utzi nahi izan diote Iribasi ez daudela hezkuntzan egin nahi dituen murrizketekin batere ados. Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak dimisioa emateko eskatu dio Iribasi, murrizketa horiek negoziatu gabe ezarri dituelako. «Ez du hitza bete; hasieran bazter utzitako murrizketak ezarri ditu», erran dute irakasleek.

Hilaren 22koa izanen da orain antolatu hiru greba egunetako lehenbizikoa. Ikasturtea hasi zenetik bigarrena izanen da Nafarroako irakasleentzat. Iazko urriaren 27an egin zuten aurrenekoa, murrizketak egin izana eta irakasleei eskola ordu bat gehiago jarri izana salatzeko. Zabala izan zen babesa: irakasleen %70ek egin zuten bat deialdiarekin, sindikatuen arabera. Nafarroako Gobernuak %33,8ko kopurua eman zuen. Karrikan ere erakutsi zuten irakasleek, ikasleek eta gurasoek murrizketen kontrako jarrera. Iruñean, bertzeak bertze, 6.000 pertsona inguruk parte hartu zuten manifestazioan.

Bertze herrialdeetan, zain

Asteleheneko agerraldian sindikatuen arteko batasuna irudikatuko dute Nafarroan. Garrantzitsutzat jo dute batera egitea murrizketen kontra. Hilaren 22rako deitu duten greba egunak bat egin du aurretik Espainiako sindikatuek egun horretarako antolatutakoarekin. Modu horretan, sindikatu abertzaleek bat egin dute deialdi horrekin, zeharka. Trukean, sindikatu abertzaleek 31rako alor publiko osoan deituta zuten greba babestuko dute gainerako sindikatuek Nafarroan.

Ez dago argi Nafarroako deialdiek Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian zer eragin izanen duten. Hilaren 31rako dute deia egina LABek, EILASek, ELAk eta ESK-k. Oraingoz, gainerako sindikatuek ez dute babestu. Hilaren 22an hezkuntzan greba egiteko deialdirik ere ez da EAEn; Espainian bai, baina EAEn ez du deirik egingo CCOOk; UGT aztertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.