Hizkuntza normalizazioa

Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko eztabaida hasiko dute gaur foru parlamentuan

Ekimena aurrera ateratzen bada, 22 urtean lehen aldiz aldatuko litzateke 1986an onartutako legea, hain zuzen ere, Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatzen duena. Euskara Nafarroa osoan ofizial izateko eskatuko du NaBaik.

2008ko apirilaren 24a
14:18
Entzun
Amaia Alvarez

Gaur arratsaldean hasiko da Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko eztabaida foru parlamentuan. Ekimena aurrera ateratzen bada, 22 urtean lehen aldiz aldatuko litzateke 1986an onartutako legea, hain zuzen ere, Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatzen duena. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak behin baino gehiagotan esan du inoiz ez dela aldatuko lege hori, baina otsailaren 14an, Nafarroa Bai, Ezker Batua eta PSNren botoei esker, Nafarroako Parlamentuak aintzat hartu zuen lege hori aldatzeko proposamena. NaBai Nafarroa Baiko ordezkariek, aldaketaren harira, Nafarroa osoan euskara ofizial izateko eskatuko dute, eta bi zuzenketa aurkeztu dituzte horretarako.

Hala ere, EB Ezker Batuak aurkezturiko lege proposamena askoz mugatuagoa da; eremu mistoa Iruñerrira zabaltzeko besterik ez du eskatzen; hala, Aranguren, Beriain, Galar, Noain eta Elortzibar eremu ez erdaldunetik mistora pasatzeko. Ekimena aurrera aterako balitz, herri horietan eskubide gehiago izanen lituzkete; D ereduan ikasteko, errotulazio elebiduna izateko eta administrazioko paperak euskaraz eskatzeko, esaterako.

Aldaketa hori «murritzegia» dela argudiatuz egin dizkio NaBaik bi zuzenketak lege proposamenari. Lehenak Nafarroa osoan gaztelania eta euskararen koofizialtasuna aldarrikatzen du, eremuen zatiketaren «irudi zaharkitua» ezabatzeko. Zuzenketa hori «sendo» babestuko dutela esan du NaBaiko parlamentari Maiorga Ramirezek. Edonola ere, koalizioaren ekimen hori aurrera ateratzeko «aukera handirik ez dagoela jakinda», bigarren zuzenketa subsidiario bat aurkeztu dute.

Bigarren horretan, eremu mistoaren hedapena zabaltzeko eskatzen du NaBaik, alegia, udalerri gehiago eranstea. Aipatutako lau horietaz gainera, «datu soziolinguistikoetan eta eskaera sozialean oinarrituta», beste 24 sartuko lirateke, besteak beste, Tafalla, Zangoza, Erriberri, Irunberri eta Oibar. Horrezaz gainera, eremu mistoan sartzeko nahia erakusten duten udalak aintzat hartu behar direla eskatu du koalizioak.

NaBaik Ezker Batuaren ekimenari bidea ireki bazion «edozein aurrerapenek, txikiegia izanik ere, sor dezakeen eraginagatik» izan zen, NaBaiko parlamentari Patxi Zabaletak gogora ekarri nahi izan duenez.

Ezker Batuko bozeramaile Ion Erroren arabera, Euskararen Legearen aldaketa «PSNren eskuetan dago». Baina Errok uste du lege proposamena aurrera aterako dela oraingoan . «Gizarteak Iruñerrian euskararen normalizazioa eskatzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.